Palestinar herriaren aldeko oihua eta "izugarrikeriaren kontrakoa" entzun da berriro ere
Palestinako genozidioa salatzeko eta erakundeei Israelekin harremanak erabat etetzeko eskatzeko elkarretaratzeetan batu ziren atzo (urriak 21) Bermeon, Busturian, Ean, Foruan, Gernika-Lumon , Mundakan eta Nabarnizen. Gernika Palestina Herri Ekimenak Israelen genozidioa salatzeko egindako iazko lehen mobilizazio handiaren urteurrena aprobetxatu du salaketa berriro ere kaleratzeko.
43.000 palestinar erail ditu Israelgo armadak –alegia, Israelgo estatuak–, eta Gazako kaleen eta azpiegituren %7oa suntsitu ditu. “Bi datu horiek baieztatzen dute ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakbha baten aurrean gaudela”. Argi salatu du Israel Palestinan egiten ari den genozidio hori Gernika Palestina Herri Ekimenak.
Baina 2023ko urriaren 7tik Palestinaren kontra areagotu den biolentziak eta genozidioak inoiz ezagutu ez den ezberdinen arteko elkarlana eta mobilizazioa ekarri ditu Euskal Herrira. Ugariak eta arrakastatsuak izan dira Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko egindako ekimenak, tartean atzoko (urriak 21) elkarretaratzeak. Izan ere, 685 lagun elkartu ziren genozidioa salatzeko Busturialdeko udaletxeen aurrean: 150 Bermeon, 50 Busturian, 60 Ean, 12 Foruan, 50 Ibarrangelun, 300 Gernika-Lumon, 37 Mundakan eta 26 Nabarnizen. Lehenago, baina, ikastetxeetan ere egin zituzten salaketak, goizean.
Ze, genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko aukera eta itxaropenerako leihoa “aktibazioa” dela sinesten dute, eta, horretarako uste dute “ezinbestekoa” dela modu masiboan indarrak batu eta mobilizatzea: “Beste behin ere, gure herriaren luze zabalean entzun da izugarrikeriaren kontrako oihua, palestinar herriaren aldeko oihua. Beste behin euskal jendartearen lekua eta konpromisoa agerian geratu dira, eta, aurrerantzean ere, Gernika Palestina Herri Ekimenak jarraituko du transbertsalitaterako espazioak eta aukerak sortzen. Bide horretan berresten gara”.
Minutu bateko isilunea ere egin zuten atzo, herri ekimeneko kolaboratzailea izan den Mahasen Al-Khatib gazte ilustratzailearen hilketa salatzeko. Domekan Israelgo armadak Gazako iparraldean dagoen Jabalia herrian egin zuen erasoan hil zuen, beste dozenaka palestinarrekin batera. “Eskertu nahi dugu Euskal Herriarekiko izan zuen begirunea eta gogoan izango dugu betiko guretzat egin zuen ilustrazioa”, esan zuten, joan den ekainaren 8ko Bilboko eta Iruñako ekimenetara deitzeko Al-Khatibek egindako ilustrazio eta bideoa gogoratuta. Bere senide eta lagunei dolumina eta maitasuna bidali zizkieten.
Gernika Palestina Herri Ekimena bultzatzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoek elkartasunetik itxaropenerako leku bat badagoela uste dute. Izan ere, asko dira kaleetan aldarri egiten dutenak, nahikoa dela oihukatzen dutenak, bakea eta justizia bilatuko duen orden politikoa eskatzen dutenak. Eta ordena berri hori ailegatu bitartean, ez dira aldarrikapenak kaleratzeaz nekatuko.
Ondorioz, palestinarrek “berehalako su etena” behar dutela exijitu dute, armak isil daitezen, eta “amaitu dadin Israelek egindako okupazio koloniala”. Horrez gain, mendebaldeko estatuei eskatu diete Israelgo Estatuari egindako arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta gelditzeko. “Inongo estatu edota potentziaren ingerentziarik eza Palestinan eta bere autodeterminazio eskubidearen errespetua funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu”, azpimarratu dute. Eta, Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituztela gehitu dute behin eta berriro, euren lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko.
Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa direla egoera honi irtenbidea emateko elementu nagusiak diote ekimenekoek: “Nazioarteko komunitatearen parte hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Hori da aldeak negoziatzera bultzatu, eta Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da”.
Bidegurutze “historikoa” da palestinarrek bizi dutena, Gernika Palestina Herri Ekimenekoen berbetan: “Eta guk etorkizuna eta itxaropena eraikitzearen aldeko hautua egin dugu. Ezin gara isilik geratu. Genozidioa Stop! Gerrarik ez!”.
Ezerk ez duela inoren lurraldea okupatzea legitimatzen uste dute, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea edota ukatzea ere. “Aurten inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta, hala ere, nazioarteko komunitateak ez du izugarriketia honekin bukatzea lortu”. Gainera, Israelek Libanori eraso eginda, “milaka hildako eta suntsipen gehiago” eragin duen eta eragingo duen urratsa hartu izan salatu zuten. “Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu zuen”.
Horrek guztiak nazioarteko ordenaren “noraeza” erakutsi duela diote: “Gaur-gaurkoz nazioarteko komunitatea ez da gai izan 2. Mundu Gerraren ondoren eraikitako orube legalean oinarriturik, Israelen inpunitateagaz amaitzeko, eta Palestinaren biztanlegoari segurtasuna eta itxaropena bermatzeko”.
ARGAZKIAK: Bermeoko, Ibarrangeluko eta Nabarnizko udalak, Gernika Palestina Herri Ekimena eta HITZA.
“Jabaliatik, Gazatik, hondakinetatik eta minetik, Bilbo eta Iruñeraino.
Sufrimenduaren bihotzetik dei egiten dizuegu gure izenean oihu egitera, eta munduari hemen gurekin zaudetela esatera. Gure alde oihuka jarraitu behar duzue, gure ahotsa izan behar duzue, gurea ahul, minduta eta odolez beterik iristen baita.
Gure mezua zarete, gure ahotsa eta gure itxaropena.
Gertatzen ari den guztia.ri guk eutsi ahal izan badiogu, zuek ere bai. Eta aurrera egin dezakegu denok batera, eskuz esku, gure askatasuna, Palestinaren askatasuna eta gizateriaren askatasuna
lortu arte”.
Hitz horiek gogoratu eta Palestinaren genozidioaren kontra eta askatasunaren alde mobilizatzen segituko dutela jakinarazi zuten herritarrek atzo.