Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren igoerarekiko desadostasuna agertu dute jeltzaleek
Bestalde, hondakinak sortzeagatik kobratzeko sistema bat ezartzeko eta hondakinak biltzeko baliabideetan hobekuntzak egiteko beharrezko pausoak ematea onartzu izana azpimarratu dute.
Gaur goizeko ezohiko osoko bilkuran Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) arautzen duen ordenantza fiskalaren 8. eta 10. artikuluetan aldaketak egitea onartu dute gehiengo osoz, EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin. EAJ-PNVk horren kontrako botoa eman, eta onartu dena “katastrazotzat” jo du.
Ainhoa Jaio zinegotzi jeltzaleak adierazi duenez, aldundiak egindako katastroko berrikuspenean, Bermeon, batezbeste %15,42 jaitsi da balioa: “Aurreko legealdian, alkatetzan geundela, egungo gobernukideek, batez ere Guzanek, asko azpimarratzen zuten Bermeok Bizkaiko OHZ altuena zuela, eta horretan jardun behar zela. Orain, gobernatzen ari direla, guztiz desberdin pentsatzen dutela dirudi, udal-zerga horren gainean egin duten lehen jarduera helburu bakar batekin izan baita, dirua biltzeko helburuarekin, alegia”.
Horretaz aparte, EH Bilduk eta Guzanek EAJ-PNVren proposamena “errefusatu” dutela nabarmendu dute, udalari katastroko balio orokorra murrizteak eragiten dion diru-bilketa galera herritarren eta udalaren artean banatzeko. “Bermeotarrei dena ez eragitea da kontua. Igoera txiki bat planteatu zitekeen, eta gainerakoa udalak bere gain hartu. Ahal dutena baino gehiago ordainduta, bermeotarrak ezin dira izan bilketaren jaitsiera konpentsatuko dutenak; udal gobernuak hori nahi du. Ogasun Higiezinen Zergatik datorren diru-bilketarako erabiltzen zuten zenbatespena ikusita, aurrekontuen negoziazioan iragarri genuen aurreikuspen horiek ez zirela errealak izango”. Benetako aurreikuspenetik “oso gainetik” zeudela esan zuten orduan jeltzaleek: “Hala ere, katastrazo horrekin ere ez dira iritsiko aurrekontu-proiektuan egin zuten aurreikuspenera. Zeren arabera kalkulatu zuten?.
Bestalde, zaborren gaineko akordioarekiko “oso pozik” agertu dira jeltzaleak. Azaldu dutenez, gaurko ezohiko bilkura baino egun batzuk lehenago, udal gobernuak EAJ-PNVren proposamena onartu zuen, “pixkanaka hondakinak sortzeagatik kobratzeko sistema baterantz aurrera egiteko”. Idoia Platas EAJ-PNV Bermeoko zinegotziak proposamen horren helburua argitu du: “Gehien sortzen duenak ordainduko duen eredu baterantz aurrera egitea da kontua, gaitasun ekonomikoaren araberako kobrantzarekin amaitzeko”. Zinegotziak azpimarratu bezala, gero eta hondakin gutxiago sortuko dituen eta hobeto bereiziko duen gizartea bultzatzea da helburua.
Legeari dagokionez, bilketak sortzen dituen gastuak estali behar dituela ezartzen du legeak. Ildo horretatik, jeltzaleek gogoratu dute 2018an Guzan alde egon ez bazen ere, EAJren eta EH Bilduren arteko itunari esker, Bermeok legean ezarritakoa betetzeko “% 30 baino ez dutela falta”. Akordio horri “esker”, adostutako igoera progresiboa izango da datozen hiru urteetan, eta kostuari aurre egin ahalko diote, eta udalerriak ezarritako helburuetarantz aurrera egiteko aukera emango du.