Fenomenoak taldeak asteburuan hasiko du liga
Etxeko lehen partidua, ostera, azaroaren 10ean jokatuko du, 12:30etik aurrera, Malosten. Kamisetak jarri dituzte salgai.
BBK Liga asteburu honetan hasiko dute; Gernika KESBeko Fenomenoak taldeak Basauriko taldearen kontra lehiatuko du lehen jardunaldia, domekan [urriak 27], 12:00etan. Etxeko lehen partidua, ostera, azaroaren 10ean jokatuko du, 12:30etik aurrera.
Denboraldi honetan bederatzi talde ariko dira lehian, iaz baino bat gehiago. Gernika-Lumoko taldeaz gain, Getxo SBT Haszten, Alzola BSK Basauri FSDPV, Fundacion Bilbao Basket Fundazioa, Barakaldo Baloncesto, OSK Bar El Chiringuito Portugalete, Lehoiak Gorabide, Haszten Saski eta Tabirako Baque Alai daude ligan.
Lehenengo fasean, denek denen kontra jokatuko dute, itzuli bakarrera, eta bigarren fasean, sailkapenaren arabera erabakita, bi multzotan banatuta ariko dira. Gainera, Gabon Kopa antolatzeko asmoa daukatela ere iragarri dute: “Ligako taldeek parte hartzeaz gain, inguruko lurraldeetako taldeak ere gonbidatu gura ditugu”.
Ligaren laugarren aldi honetarako babesle nagusia lortu izana aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi dute, eta liga egonkortu eta hazi dela azpimarratu dute. Horrela, beste behin, saskibaloia denena eta denentzako dela agerian utzita, inklusioaren aldeko saskiratzeak egiten jarraitzeko gogotsu daude: “Integrazioaren, normalizazioaren eta ikusgaitasunaren aldeko saskiratzeak dira nagusi”. Hain zuzen ere, bide horretan federazioek zein klubek “aukerak eman” behar dituztela nabarmendu du Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidenteak: “Espero dugu apurka-apurka Bizkaian klub gehiagotan adimen-desgaitasuna daukaten jokalarien taldeak sortzea”.
Ildo beretik hitz egin du Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egokituko Federazioaren presidenteak; Bizkaiko Saskibaloi Federazioa “eredu” dela adierazi du: “Aukera berdintasunari dagokionez, gainontzeko federazioek Bizkaikoaren eredua hartu beharko lukete”. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Gazteria eta Kirol diputatuaren berbetan, “bizkaitar guztiek kirola egiteko eskubidea daukate, eta dibertsitate funtzionala edukitzea ezin da oztopoa izan”. Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak esan bezala, “inklusiorako eta berdintasunerako erreminta magikoa da kirola”, funtsezko balioak erakusten dituen erreminta.
Kamisetak salgai. Iaz egin bezala, aurten ere, Lointek Gernika Fenomenoak taldeak kamisetak atera ditu. Urriaren 22tik azaroaren 4ra dago eskaera egiteko aukera. 20 euro balio ditu eta eskaera @fenomenoak_lointek Instagram kontuaren bidez edo Ladis Design dendaren bidez egin daiteke. Ordainketa Bizum bidez edo jasotzerakoan dendan bertan egin daiteke.