Euskal komunitatea osatzeko norbanakoek duten garrantzia azpimarratuko dute Busturian ere
Datozen egunetan hasiko dira elkartzen Busturiko Berbalagunak. Arduradunek gogoratu dute parte hartu gura duen edonork izena eman dezakeela.
Dagoeneko martxan dago Busturian AEKren Praktikatu zerbitzuaren Euskara ZU zara kanpaina. Izan ere, aurten ere, euskaldunen komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dute Berbalagun programaren bidez, eta, bereziki, mintzapraktika programetako parte hartzaileek duten rola hauspotu gura dute: “Egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok”.
Berbalagun programetan ez dago ez zahar ez berri, ez hango ez hemengorik. Berbalagunen hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, “euskaldunen komunitatea indartu eta zabaltzeko” asmoz. Hala, Busturiko berbelagunek jakinarazi dute datozen egunetan hasiko direla elkartzen, Euskal Herriko beste 103 herritan modura. Taldetxoetan elkartuko dira Busturian, euskaraz berba egiteko askoz, eta bakoitzaren zaletasunaren arabera.
Mintzatalde horietan batzeaz gain, Jakin badakigu lehiaketagaz ere jarraituko dute aurten. Orain arte asko eta asko izan dira lehiaketan parte hartu duten herritarrak, eta parte hartzeak horrela jarraitzea espero dute antolatzaileek.
Hori gutxi ez eta irteerak edota ekintza osagarriak ere prestatuko dituzte Busturian, “modu atsegin bezain erosoan euskaraz bizitzeko”.
Gainera, familientzako Gurasolagun taldeak sortzen ere ahaleginduko dira, jolas, txango eta tailerrak egiteko, helduek eta umeek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Izan ere, familia harremanetan euskara sustatzeko eta herriko familien arteko harremanak euskaraz izateko guneak sortzeko asmoz abiarazi zuten 2021ean.
Horrez gain, jakinarazi dute azaroan online taldeak ere abiaraziko dituztela.
Busturiko Berbalagunek azpimarratu dute ekintzetan parte hartzea doakoa dela, eta kide gutziek sari zein deskontu onak eskuratu ditzaketela. Hala, interesatuek izena eman beharko dute, emanizena.praktikatu.eus webgunean edota 607 60 95 80 telefono zenbakira deituta edo whatsappa idatzita.