Bermeoko Udalak 2025. urterako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu
Gaurko ezohiko osoko bilkuran Ondasun Higiezinen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren 8. eta 10. artikuluak aldatzea onartu da EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin. Era berean, sastar batze tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren 6. artikuluaren aldaketa ere onartu da, aho batez.
Bermeoko Udalak datorren urterako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu gaur goizeko ezohiko osoko bilkuran. Hala nola, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) arautzen duen ordenantza fiskalaren 8. eta 10. artikulukan aldaketak egitea eskatu da gehiengo osoz, EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin. EAJ-PNVk berriz, aldaketa horren kontra bozkatu du. Bestalde, sastar-batze eta hondakinen kudeaketaren kostuarekiko igoera mailakatua egitea aho batez onartu da, Bermeoko Udala osatzen duten hiru alderdien arteko akordioa eta prestutasuna argi utziz.
OHGZrekiko, Bizkaiko Foru Aldundiko Katastro Sailak Ondasun Higiezinen balioen eguneraketa egin duela haintzat hartuz, Bermeoko balio katastralak %15 jaitsi dira. Murrizketa horrek zuzenean eragiten dio OHGZri, eta hortaz, zerga guztiak berrikusi behar izan direla nabarmendu du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak: “Zergen berrikuspena zerbitzuak mantentzeko eta bermeotarren ongizatea bermatzeko asmoz egin dugu, eta hortaz, honakoak izan ditugu kontuan: komertzioetan tipoak ez ukitu, kontuan hartuta zein den gure herriko komertzio txikien egoera; landa tipoak ez ukitu; etxebizitzen tipoak gutxiengoa igo (katastroaren jaitsiera kontuan hartuta, herritarren %71ek iaz baino gutxiago ordainduko dute); igoera handiena aplikatuko zaie enpresa handiei”.
Zergen berrikuspena ikuspuntu soziala dela kontuan hartuta, “herriaren alde” egin duela aipatu du alkateak: “Tipo orokorragoek, hau da, herritarren kolektiboak eta komertzioek, orokorrean, iaz baino gutxiago ordainduko dute”. EAJ-PNVk ordea, igoera horrekiko desadostasuna erakutsi du azken ezohiko bilkuran, eta “industriari baino resto moduan daudenei kargatzen” zaiela adierazi du: “Ezin dugu udalbatzaren aurkezpena babestu. Komertzioari tasa hori igon ez zaion arren, beste gizabanako guztiei igon zaie”. Hala ere, aipatu bezala, gehiengo osoz onartu da OGHZn berrikuspena eta honeta gelditzera pasatuko da: tipo orokorrean %15,41ko igoera. Industria erabileran %18,13ko igoera. Merkataritza erabileran ez da igoerarik izango. Gainerako erabileran %87,09ko igoera. Landa ondasunetan, azkenik, ez da igoerarik izango.
Hobarietan ere aldaketak onartu dira azken ezohiko osoko bilkuran. Gauzak horrela, ordenantza fiskaletan zerga-kuotaren %50era arteko hobaria jasotzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Hutsen Programarekin bat egiten duten Bermeoko etxebizitza hutsek, lehen %30eko hobaria zegoen tokian: “Iaz, ahultasun egoeran dauden familientzako eta familia ugarientzako hobariak onartu genituen. Aurten, gure helburuekin bat eginda, honako beste hobari hau dakargu, jakin badakigulako Bermeon arazoak daudela etxebizitzekin, batez ere, alokairuarekin. Buru-belarri gabiltza lanean, neurri desberdinak aztertzen, eta hau da hartu dugun neurrietako bat. Etxe hutsak dituzten herritarrak animatu gura ditugu, etxe horiek alokairu sozialera bideratzen”
Sastar-tasari dagokionez, ordea, hiru alderdien arteko adostasuna eta elkarlana izan da nagusi osoko bilkuran. Era berean, zabor-tasari buruzko 7/2022 lege-agindua datorren urtean indarrean sartzen dela gogoratu dute, legearen nondik norakoak azaldearekin batera: “Lege horrek dio sastar-batze eta hondakinen kudeaketaren kostu guztiak bermatu edo estali behar direla tasarekin, eta sastar batzearen tasa sortutako hondakinen arabera ordaintzekoa izan beharko litzatekeela. Gaur egun, sastar-batze tasatik lortzen diren diru-sarrerak ez dira nahikoak sastar-batze eta hondakinen kudeaketaren kostu osoa estaltzeko, eta beraz, kostua osotasunean estaltzeko, igoera %31,9 izan beharko litzateke. Horregatik, uste dugu, igoera beharrezkoa dela”. Hala ere, egoera aztertuz, hiru alderdiek bat egin dute igoera hori “modu mailakatuan” egin behar dela, eta hortaz, 2025ean sastar batze tasa, %24 igotzea adostu da.
Igoera, hondakin gehien sortzen duenarentzat izango dela argitu dute, “legearen espirituari jarraituta”. EAJ-PNVk akordio horren helburua berretsi du, gainera: “Igoera honen helburua, ahalik eta hondakin gutxien sortzea da. Gero eta hondakin gutxiago sortuko dituen gizartea bultzatzea”.
Alkatea “oso pozik” agertu da akordiora iristeko elkarlanarekin, eta bide batez, eskerrak eman ditu: “Eskerrak eman nahi dizkizuet, guretzat, eta batez ere, niretzat garrantzitsua delako akordio hau. Uste dut politika dela, batzen gaituena bilatzea”. Bide batez, OHGZekiko ere elkarlanean aritzeko eskua luzatu die EAJ-PNVko zinegotziei.