Denboraldiko lehen garaipena lortu du Lointek Gernika Bizkaiak Mendizorrotzan
Emakumezkoen Endesa Ligako lehen bi jardunaldietan huts egin ondoren, Gasteizen eskuratu dute gernika-lumotarrek denboraldiko lehen garaipena 43-53ko emaitzarekin, oso ikusgarria izan ez zen partida batean.
Lointek Gernika Bizkaiak Emakumezkoen Endesa Ligako hirugarren jardunaldian garaipena lortu zuen Kutxabank Araskiren kontrako partiduan. Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian derbi euskalduna jokatu zen zapatuan, alegia. Partida oso ikusgarria izan ez zen arren, 43-53ko emaitza lortu zuten gernika-lumotarrek, markagailuan uneoro goitik joan ziren partidan.
Lucas Fernandezen taldeak denboraldiko lehen bi partidak etxean galdu ostean, garaipena behar zuen Mendizorrotzan. Horretarako, zapatuko partidan erasoan eta defentsan erregulartasuna bilatzea ezinbestekoa zen. Hala ere, partida hasiera “arraroa” izan zen bi taldeentzat, izan ere, akatsak bi aldeetan pilatzen ziren. Jokoan ez zegoen ia jarraipenik, gainera, eta huts egite eta galerak besterik ez ziren bi taldeen eskutik. Horrela ere Lointek Gernika Bizkaiak aldeko markagailuarekin amaitu zuen lehen laurdena. 4-10.
Joko antolatzaile figura faltarekin joan ziren foru herrikoak Gasteizera, Itziar Ariztimuño eta Ane Olaeta gabe bidaiatu baitzuen taldeak. Beraz, oinarrizko postua “herrenka” geratzen zen. Elena Buenavidak, Taylor Mikesellek eta Marta Alberdik joko antolatzaile lanak egin behar izan zituzten 40 minutuetan zehar, beregain. Taldearen galera etengabeak ere presente jarraitzen zuten, atsedenaldira 12 galerarekin helduz, erasoko faltak bezala. Kutxabank Araski taldeko Natalia Rodriguezen hiruko batek markagailua estutu zuen, 11-12ko emaitzarekin. Hala ere, Annika Soltauren saskiratze jarraituek emaitza berriz ere gernika-lumotarren alderantz jarri zuten, atsedenaldirako markagailuan 19-27ko emaitza lortuz.
Hirugarren laurdenaren hasierak partidaren hobetzea ekarri zuen. Gutxinaka saskiratzeak gehitzen hasi, eta batez ere gernika-lumotarrak barruko jokoaz eta erreboteaz baliatzen hasi ziren, taldeen arteko desberdintasuna markatuz. Markagailuarekiko lasai aritu ziren Fernandezenak, partidu guztia gainetik egin baitziren, hala ere, galerak oso nabariak izan ziren partida guztian zehar. Azkenengo emaitza 43-53 izan zen, eta beraz, gernika-lumotarrek hainbeste nahi zuten lehen garaipena bereganatu zuten. Laugarren jardunaldiak berriz ere Maloste izango du eszenatoki, beste derbi euskaldun bat hartuz: Lointek Gernika Bizkaia eta Oses Construcción Ardoi aurrez aurre arituko dira urriak 26an (zapatua), 18:30ean.