Bermeoko Udalak aurrekontu parte hartzailea abiarazi du
Iazko modura, 50.000 euro bideratuko ditu Bermeoko Udalak herritarrek aukeratutako ekimena gauzatzera. Proposamenak fisikoki aurkeztu ahalko dituzte udal eraikinetan jarriko diren kutxetan, edota elektronikoki.
Datorren urtera begira, eta bigarren urtez jarraian, aurrekontu parte hartzaileen prozesua abiarazi du gaur (urriak 21) Bermeoko Udalak. Modu horretara, herritarrek datorren urteko aurrekontuan eragiteko ideiak eta proposamenak aurkez ditzakete.
Proposamenak egiterako orduan, herritarrek kontutan izan beharko dute proiektu guztiak ez direla baliagarriak izango, eta zenbait ezaugarri bete beharko dituztela: interes orokorrekoak eta udalaren ahalamen eta eskumenen araberakoak izan beharko dira, eta, gehienez ere. 50.000 euroko aurrekontua daukatenak. Baina, hautatutako proiektua zenbateko horretara ailegatzen ez bada, proposamenen zerrendako beste proiektu bat egitera bideratuko lukete gainerako dirua. Hala, proposamena inbertsio bat edo urtebeteko kontratu bat izan beharko da.
Jasotako proposamenak aztertzeko mahai bat osatuko du udalak, teknikari eta ordezkari politikoez osatutakoa, “kasu guztietan adierazitako ezaugarriak bermatzen direla ziurtatzeko”.
Baina, aurretik, prozesuak fase desberdinak izango ditu. Lehehengo urratsa izango da proposamenak aurkeztekoa, gaurtik azaroaren 3ra bitartean egin daitekeena. Bigarren pausoa, berriz, ekarpenek baldintzak bermatzen dituztela ziurtatzeko, horien bideragarritasun teknikoa aztertuko dute azaroaren 4tik 14ra bitartean, eta, gero, proiektuen zerrenda zehaztuko dute azaroaren 15ean. Azaroaren 18tik 24ra, ontzan eman diren proiektuak bozkatzeko aukera eskainiko du udalak, eta, azaroaren 25etik abenduaren 2ra artean, proiektu irabazlearen berri emango du udalak.
Nola aurkeztu proposamenak?
Gaurtik, herritarrek aukera desberdinak izango dituzte euren ekarpenak aurkezteko: batetik, fisikoki horiek aurkezteko aukera edukiko dute Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, liburutegian, Areneko kiroldegian eta Adinekoen egoitzan jarriko diren kutxetan; bestetik, elektronikoki ere egin ahalko dira proposamenak, QR kode hau erabilita.
NA edo AIZ duten adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete prozesuan, baldin eta herrian erroldatuta badaude.
Bermeoko udal arduradunek herritarrak gonbidatu ditu aurrekontu parte hartzaileen prozesuan parte hartzera, horretan herritarrek duten inplikazioa “garrantzitsua” dela azpimarratuta.
Iazko udal arrekontu parte hartzaileen prozesuan, bermeotarrek 420 proposamen aurkeztu zituzten, eta 115 ailegatu ziren azken fasera. Proiektu irabazlea izan zen Talape futbol zelaiaren berrikuntza lanak egiteko proposamena, 410 botogaz.
Eta, udal arduradunek gogoratu dute aurrekontu parte hartzaileen prozesuan ekimen bat garaile izateak eremu edo jarduera horretara berriro prozesu honetako diru kopurua bideratzeko ezintasuna ezartzen duela, hiru urtetan. Beraz, aurten, ezingo da dirurik bideratu Talape futbol zelaiaren eremura.