Guggenheim Urdaibai proiektuari "ez eta ez", stop eta stop
Milaka eta milaka herritar bildu ditu Urdaibaiko Guggenheim "makroproiektuaren" kontrako manifestazio zaratatsuak. Herritarrak, eragileak, kulturako eta politikako ordezkariak... denak batu dira gaur (urrika 19) Gernika-Lumon, esakera berdinagaz: Guggenheim Urdaibai proiektua gelditzeko eskaeragaz.
“Nork erabaki du gure eskualdeak museo bat behar duela? Nork erabaki du gure eskualdeak behar duen museoa Guggenheim bat izan behar dela? Eta, nork erabaki du, museo hori, Guggenheim bat izanda, gure Biosfera Erreserban kokatu behar dela?” Galdera guzti horiek erantzunik ez dutela-eta, Guggenheim Urdaibai proiektua bihar bertan aldera behera uzteko nahia kaleratu dute milaka lagunek gaur (urriak 19) Gernika-Lumon.
Izan ere, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, Urdaibaiko Guggenheim “makroproiektuaren” kontrako ezezko irmoa berresteko manifestazio zaratatsua egin dute, 18:00etan hasita. Aldarrikapen usaina, baina, lehenago ere nabaritu izan da herrian: atzo, proiektuaren aurkako manifestazioa eta kanpaldian batu ziren gazteak, eta astean zehar ere elkarretaratzeak eta mobilizatzeko deiak egin dituzte han eta hemen. Horrez gain, pankarta, bandera, adierazpen eta parekoak ere ikus zitezkeen balkoi, horma edo kamisetetan.
Eskaera zuzena eta zehatza izan da: proiektu hau bideragarri bihurtzeko egiten ari diren urrats administratibo eta ekonomikoak bihar bertan gelditzea.Ā
Eta, gaur, aldarrikapenak ozen eta milaka eta milaka ahotatik transmititzeko eguna izan da; iaz baino “jende askoz gehiago” bertaratu da, antolatzaileen esanetan, eta iaz, 4.000 lagun ingururen topagunea izan zen Gernika-Lumo: “Aurreikuspenak gainditu ditugu”. Herritarrak eta proiektuaren aurkako ezetza ozen aldarrikatu duten eragileak elkartu dira udalerrian, baita kultur, kirol eta politika arloetako ordezkariak ere. Izan ere, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eskaera zuzen eta zehatza egin die administrazio publiko zein agintari politikoei: proiektu hau bideragarri bihurtzeko egiten ari diren urrats administratibo eta ekonomikoak bihar bertan gelditzea. “Ez alferrik erabili diru gehiago etorkizunik ez duen proiektu bat bideragarri egiten. Guggenheim Urdaibai sekula ez da bat etorriko herritarren eta naturaren beharrizanekin”.
Gernika-Lumoko herrigunea zeharkatu duen eta Dalia ingurutik igaro den mobilizazio luzean milaka pauso eman dituzte proiektuaren aurka. Izan ere, bigarren urtez, ozen erakutsi dute “asko eta asko direla inposaketen aurrean” makurtzeko prest ez daudenak. Jende pila bat bildu da aldarrikapenera, proiektuarekiko gaitzespena erakustera. Hala azaldu dute plataformakoek: “Atxikimendu asko jaso eta gaur herritar asko eta asko batu gara. Aurreikuspenak gainditu ditugu, duela urtebete baino jende askoz gehiago batu gara. Hemen dago herria, ikusi eta entzun nahi duenarentzat. Atzera pauso bat ematen jakin behar da. Burugogortasunak ez du ezer onik ekartzen eskualdera. Zentzuz jokatu dezagun, eta ez gaitezen legeak tolesten ibili; horiek errespetatzeko daude”.
Manifestazioa amaituta, aipatutako herritar plataforma osatzen duten kideek euren manifestua irakurri dute. Aitor Etxebarriazarraga izan da, hain zuzen ere, hori egiteko ardura izan duena. Eta, bertan bildu direnen izenean, ez eta ez, eta stop eta stop esan dio Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak eskualdean “inposatu” nahi duten proiektuari.
Herritarrengan pentsatu bariko proiektu bat dela salatu dute, “herritarren parte hartze erreala bermatu barik aurrera eroandakoa”
“Harrigarriak eta argigarriak” izan dira azken egunetan zenbait administraziotako agintarien ahotik entzun dituzten adierazpenak plataformakoentzat. “Bizkaiko Foru Aldundiak dio proiektua definitu barik dagoela oraindik; eta, hala ere, alboratu ezinekotzat jo dute. Are gehiago, nazio proiektua dela ere esan digute”, salatu dute plataformakoek. Eta, gainera, Euskadiko Alderdi Sozialistak ez omen duela proiektua ezagutzen ere gehitu dute. “Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren parte izateko nahiak bultzatuta, proiektu hau jasotzen duen gobernu akordio bat sinatu du”. Hori gutxi ez eta, kultura sailburuak Urdaibaiko Guggenheimak natura eta artea lotuko dituela ustea “harrigarritzat” jo dute, “kultur programarik bariko kultura proiektua delako”. Gehitu dute Eusko Jaurlaritzarentzako ere “lehentasunezko” proiektua dela.
“Nahaste-borraste” horren erdian, baina, guztiek gauza berean bat egiten dutela nabarmendu dute plataformakoek: museoa proiektu estrategikoa da Guggenheim Fundazioarentzat. Hala ere, fundazioko kideek oraindik ez dute erabaki proiektuagaz aurrera egingo duten edo ez.
Etorkizuna noren eskuetan dago?
Busturialdea “etengabeko gainbehera ekonomikoan” dagoela, eta herritarren etorkizuna “gero eta ilunagoa” dela jakitun, instituzioek turismo masiboa bultzatzen duen proiektu bat lehenetsi izana salatu dute Guggenheim Urdaibai Stopekoek: “Zer-eta turismo masifikatua bultzatzen duen makroproiektu bat inposatu nahi digute, non eta hemen. Urdaibaiko paduretan, biosfera erreserba baten erdi-erdian”.
Gainera, proiektua instituzioek herritarrengan pentsatutako erabakia dela sinestarazi gura izatearen aurka agertu dira: “Ez. Hori ez da egia. Proiektu hau fundazio pribatu baten ekimenez eta haren neurrira eginda dago, eta haren gurariak asetzea du helburu. Guri prekarietatea besterik ez digu ekarriko”. Ondorioz, “onartezina” dela diru publikoa “ingurumena suntsitzeko” baliatzea esan dute.
Gobernantza eredu “demokratikoagoaren” beharra plazaratu dute, “pertsonen bizitza” erdigunean jarriko duena
Eta, euren ustez, onartezina da, baita ere, horrelako proiektu batean pentsatzen hastea herritarren parte hartze erreala bermatu barik, “eskualdeko biztanleen nahi eta beharrak kontutan hartu barik, eta ingurumen azterketarik egin barik”. “Inposatuz”, alegia.
Hala, “ez dela inposiziorako garaia” esan eta gobernantza eredu demokratikoagoaren beharra plazaratu dute: “Gure eskualdearen etorkizuna guk geuk erabaki nahi dugu, elkarrekin hausnartuz, baldintza barik. Zerotik hasita. Eraiki dezagun guztion artean etorkizuna: bidezkoa eta atsegina, pertsonen bizitza eta natura erdigunean jarriko dituena. Dena ez da dirua. Urdaibai ez dago salgai!”.