Palestinaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Astelehenean [urriak 21] duela urtebeteko lehen mobilizazio handiko urteurrena dela baliatu du Gernika Palestinak elkarretaratzeak deitzeko.
2023ko urriaren 7an hasi zen Gernika Palestina Elkarteak deitzen duen “inoizko genozidio krudelenetariko bat”: Israel Palestinan egiten ari dena. Ordutik mobilizazio asko egin dira Euskal Herrian, lehenengotariko eta handienetako bat urriaren 21ean egin zuten Donostian. Hain zuzen ere, bere urteurrenean, elkarretaratze gehiago deitu dituzte astelehenerako [urriak 21].
Palestinaren kontra areagotu den biolentziak eta genozidioak, Euskal Herrira “inoiz ezagutu ez den ezberdinen arteko elkarlana eta mobilizazioa” ekarri duela diote. “Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea, edota ukatzea ere”.
Horregatik, su etena eskatzen dute baita Mendebaldeko estatuek gelditzea Israelgo Estatuari egindako arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta ere. “Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko. Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak”.
Hurrengokoak dira astelehenean [urriak 21] Busturialdean deitutako elkarretaratzeak:
- Gernika-Lumon, udaletxe aurrean, 19:00etan.
- Nabarnizen, udaletxe aurrean, 19:00etan.
- Ean, plazan, 19:00etan.
- Bermeon, udaletxen aurrean, 19:00etan.
- Forun, autobus geltokian, 19:00etan.
- Busturian, udaletxe aurrean, 19:00etan.