Katuen ongizatea, elkarlanetik
Buskat Elkarteak katuen ongizatea bilatuz egiten du lan. 2021. urtean sortu zuten elkartea, Bermeo eta Mundakako elkarteen gomendio eta ideiez baliatuz. Adopzioaren bitartez, 55 katu inguru kaletik ateratzea lortu dute, eta gizartea animaliekiko errespetuan heztea beharrezkotzat dute, besteak beste.
Elkartea sortu zenetik gaur egunera arte, etengabeko lana egiten jarduten du Buskat Elkarteak. Kaleko katuak zaintzeko lanagaz arduratzeaz gain, elikaduraz, osasunaz eta adopzioaz ere arduratzen da elkartea, besteak beste. 2021. urtean sortu zuten Buskat, udalerriko katuen eta beraien bizi-baldintzen egoeraren kezkaren baitan, eta «inguruko herrietan egiten zena» ikusita. Elkartekideek azaldu dutenez, hasieran beste elkarte batzuei begiratzen zieten, eta beraien aholkuez baliatzen ziren. «Elkarteko kideotako bakoitza udalerriko katuei bere kabuz laguntzen hasi ginela ikusita, albaitariaren gomendioa jarraitu genuen, eta hirurok bat eginda, elkartea sortzea erabaki genuen», argitu dute. Batik bat, herrian katuen koloniekiko «zeregin handia» ikusten zutelako izan zuten ideia hori, gaur egun elkartearen kide direnek.
Helburu argi bat du jomuga elkarteak: kolonietako katuen bizi-baldintzak hobetzea eta animalia horien eta komunitatearen artean errespetuzko harreman eta bizikidetza onuragarria sustatzea. Katuen ongizatea bilatzearen alde egiten dute lan egunero elkartekideek, eta azaldu dutenez, gaur egun jada udalak behartuta daude katuak babestera, ekonomikoki zein Buskat eta bera bezalako beste hainbat elkarteri lagundu eta babestearen bidez. Elkartekoak euren asmoan tinko mantendu dira, eta katuen eta animalien ongizate eta beharrizanekiko «aurrerapauso bat emateko ordua» dela berretsi dute.
Kaleko katuen eta katu basatien populazioa pixkanaka murriztea ere bilatzen dute elkartearen lanaren eta esterilizazioaren bidez: «Udalerrian dauden kolonietako katuen osasuna eta ongizatea hobetzea, animalia horiei eguneroko eta kalitatezko elikadura bermatzea, babesa ematea eta komunitateak parte hartzea zein kontzientzia hartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, animaliak zaintzeari eta errespetatzeari eta haiei eman beharreko tratu etikoari dagokienez». Hala, udalerrian zehar udalarekin aurrez adostutako tokietan katuak elikatzeko guneak eta beraientzako aterpeak ezarri dituzte; batez ere, negura begira horiek izatea garrantzitsua dela adierazi dute: «Badakigu Euskal Herrian negua gogorra izaten dela. Askotan pertsonontzat horrela izaten bada, imajinatu kalean bizi diren katuentzat eta animalientzat. Egoera ikusita, neguan katuek babestoki izango dituzten guneak sortu ditugu». Elkarlana azpimarratu dute etengabe Buskat Elkarteko kideek. Izan ere, nahiz eta kide nagusiak hiru izan, inguruko «hainbat boluntarioren laguntzagaz» baliatzen direla nabarmendu dute, horien laguntza «berebizikoa» dute. Halaber, Busturian, herritarrak nahiko kontzientziatuta ikusten dituzte elkartekoek: «Adibidez, ekimen honen aldeko sinadura eske hasi ginen, eta 1.600 biztanle inguruko herria izanda, 400 sinadura baino gehiago bildu genituen».
HEI, guztiz baliagarria
Horrez gain, urte honetako otsailean, Busturiko Udalagaz HEI (harrapatu, esterilizatu, itzuli) programa ezartzea adostu zuten, «udalerriko katu kolonien kudeaketa etikoa gauzatzeko». Mundu mailan kaleko katuak defendatzen eta babesten dituzten ia elkarte guztiek HEI metodoaren aplikazioa azpimarratzen eta sustatzen dute. Jatorri ingelesa du metodo horrek: TNR Trap, neuter, return.
Zergatik den baliagarria HEI? Buskat Elkarteak argi du: «Metodo edo programa hori aplikatzeak, katuen koloniak kontrolatzen ditu, eta beraien osasuna zaintzen du. Horrez gain, babestu egiten ditu, albaitariak zainduz, behar izanez gero, modu arduratsu eta osasungarrian elikatuz, eta, nola ez, ugalketa kontrolatuz».
“Zergatik ez da Busturialde mailan Animalien Etxe bat egiten, eskualdeko animaliak eskualdean babesteko?“
Aipatu bezala, besteak beste, emeen esterilizazioan, arren zikirazioan eta ar zein emeen adopzioan lan egiten du elkarteak, eta bere ibilbideko hiru urteotako datuak positiboki baloratzen dituzte: 2021ean, Buskat Elkartearen lehen urtean, 12 eme esterilizatzea eta 26 katakume adopzioan ematea lortu zuten. 2022an berriz, 19 eme esterilizatu, 2 ar zikiratu eta 14 katakume eman zituzten adopzioan. Iaz, azkenik, 16 eme esterilizatu, 15 ar zikiratu eta 15 katakumeren adopzioa lortu zuten. Horrela, guztira 47 esterilizazio, 17 zikirazio eta 55 adopzio ahalbidetu dituzte azken hiru urteetan.
Aurtengo daturik oraindik ez duten arren, bide onean doazela aitortu dute. Etengabeko lanarekin harro agertu dira, gainera: «Adopzioaren bidez, 55 katakume atera ditugu kaletik, eta datuak begiratuz gero, Busturiko katu komunitarioen kontrolik gabeko 56 jaiotza ekidin dira. Lan gogorra da, baina denborarekin barruan sortzen zaizun poztasunak ez du parekorik. Harro gaude».
Errespetuan hezi
Katuen ongizatea da garrantzitsuena Buskat Elkartekoentzat, eta horretarako, katuak zaintzeaz gain, gizabanakoak ere sentsibilizatzea eta heztea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik, iaz bezala, aurten ere herriko eskolan sentsibilizazio hitzaldia eman dute, txikienak animaliekiko errespetuan hezteko, eta horrela, «etorkizun egoki batean murgiltzeko». Bide beretik jarraituz, elkarteko kideek argi adierazi dute zein den nahi duten etorkizuna: «Epe luzerako ikuspegiarekin, kolonien berehalako beharrei erantzuteaz gain, komunitatea kontzientziatu egin behar da animaliak errespetatzeko, zaintzeko eta tolerantziaz jokatzeko, eta arduraz adoptatzea sustatu behar da, funtsezko tresnak baitira etorkizunean gure herri eta hirietako kolonia katuek lekua izan dezaten eta modu etiko eta jasangarrian kudea daitezen». Laburbilduz, pedagogia behar dela uste dute, bai txikiengan, bai nagusiengan. «Nahiz eta jendeak uste duen katuak beti bizi izan direla kalean, eta kaleko zaborragaz elikatu direla, ez da horrela. Agian, ideia horri buelta bat eman beharko litzaioke, eta katuak zaborragaz elikatzearen zergatiaz hausnartu. Guk argi dugu ahal den heinean hori ekidin badezakegu, ekidingo dugula, eta jendearengan sentsibilizazio hori lortzearen alde lan egingo dugula. Komunitateko katuak dira, eta beraz, bizi diren herriaren parte dira».
Sopelako Txakurraren Etxearen ideia aintzat hartu, eta birmoldatu dute Busturialdean «oso baliagarria» izan daitekeen proiektuarekin: «Kalean abandonatuta aurkitzen den txakur oro, Sopelara eramaten da, baina txakurra aurkitutako herriko udalak dirutza ordaindu behar du horretarako. Zergatik ez da Busturialde mailan Animalien Etxe bat egiten? Babesleku horrek lanbide berriak sortuko lituzke, eta gainera, eskualdeko animaliak eskualdean zainduko lirateke». Beti ere «adopzioa bermatzea eta sustatzea» oinarria izan behar dela diote.
Nahiz eta elkarte honetako protagonistak katuak izan, azpimarratu dute «behar duten txakurrei» ere laguntzen dietela elkarte bezala. Horren ispilu dira beraien sare sozialak: «Txakurrak ere adopzioan ematea lortu izan dugu, batez ere sare sozialen bidez». Hain zuzen ere, sare sozialak beraien lanean funtsezkoak direla argi dute: «Jendeak gure lana sare sozialen bidez ikusten du; gu nor garen ere sare sozialen bidez jakiten dute. Era berean, jendeak adopzioak sare sozialen bidez egiten ditu normalean. Guretzat oso baliagarriak dira, eta hala edo hala jendea sentsibilizatzeko ere baliagarriak zaizkigu».