Urdaibaiko Guggenheimera sartzeko bide baten eraikuntza geldiarazi du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du obren adjudikazioa, eta atzera bota du lehiaketa publikoaren deialdia, «planari segurtasun juridikoa» emateko.
Eusko Jaurlaritzak eten egin behar izan du Urdaibaiko Guggenheimerako sarbidea izatekoa zen pasabideetako bat egiteko lanen adjudikazioa. Bi enpresa aurkeztu ziren Muruetako ontziolatik gertu egin behar zuten ia 400 metroko oinezkoentzako bidea egiteko lehiaketa publikora. Baina Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du obren adjudikazioa, eta atzera bota du lehiaketa publikoaren deialdia. Hala jakinarazi zuen El Correok. Egunkari horrek esan zuen bide horren eraginpeko lurrak okupatzeko epeei buruzko errekurtsoa aurkeztu zela jakin eta gero hartu zuela erabakia Jaurlaritzak.
Izan ere, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jakinarazi du bi errekurtso aurkeztu zizkiola proiektuari irailaren hasieran: bat, pasabidearen proiektuari jarri zioten, proiektu horren onarpena ez delako inoiz publiko egin; eta, bestea, palafitoa eraiki nahi den lur publikoak okupatzeko eman den kontsezioari. Aldi berean, proiektuaren kontratazio organoari (Eusko Jaurlaritzari) jakinarazi zioten palafitoa eraikitzeko lizitazioa eten egin beharko luketela.
Hala, Espainaiko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak luzatu egin du Murueta inguruko lurretan ingurumena berreskuratzeko egitekoa duen proiektuaren alegazio epea. “Ministerioak ezeztatu egin du itsas-lehorreko jabari publikoko lurrak okupatzeko emakuda, eta, lursail horien lehengo jabeei izapideak egiteko aukera zabaldu die; izan ere, jabe hauek lursail horien okupazio-kontzesio baten titularrak izatera igaro ziren. Hori dela eta, gaur egun, lur horien okupaziorako lehentasuna dute”.
Aldaketa horrek pasarelaren proiektuaren garapena baldintzatu ahal du. Hala esan dute Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailetik. Izan ere, ia 400 metro izango dituen pasabidea eraikitzeko lanek hamazortzi aste iraungo dute, ia bost hilabete, eta proiektua atzeratzeak eragin berezia du esku hartzea egingo den eremuko espezieen ziklo biologikoetan. Izan ere, Europako bisoiaren ugalketa garaia da, eta Espainiak debekatu egiten du eremu horretan martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean lanak egitea.
Prozedura, beraz, ez da gelditu, amaitutzat eman da, inori adjudikatu barik. Eta, kontratazio hori egiteko, berriz ere zerotik hais beharko dira. Guggenheim Urdaibai STOP plataformakoek “poztasunez” hartu dute erabakia, eta aurrerantzean zabaltzen diren prozesuetan ere arduraz jokatuko dutela gehitu dute.