Bermeoko Udalak hamar pertsona kontratatuko ditu eskualdeko enplegu planaren baitan
Lanpostuen eskaintzak Lanbideko webgunean ikus daitezke, eta bertan izena eman beharko dute interesatuek; urriaren 25a izango da horretarako azken eguna.
Behargintzaren eta Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenaken bidez, Busturialdeko udalek Lanbideko dirulaguntza lortu dute udal kontratazioak egiteko, Ibilian Ibilian Busturialdean izeneko proiektuaren baitan. Hala, hamar pertsona kontratatatuko ditu Bermeoko Udalak.
Behargintzatik azaldu dutenez, bederatzi peoi eta koordinatzaile bat kontratatuko dituzte, eskualdean lanean ariko direnak. Kontratuak lau hilabetekoak izango dira, lanaldi osokoak. Izan ere, Lanbidetik jasotako diru laguntza 125.000 eurokoa da, 12.500 euro kontratu bakoitzeko.
Jakinarazi dute lanpostuen eskaintzak Lanbideko webgunean ikus daitezkeela, eta bertan izena eman beharko dutela interesatuek; urriaren 25a izango da horretarako azken eguna.
Jakinarazi dutenez, peoien hiru talde sortuko dituzte, eta talde bakoitza eskualdeko herri batera joango da, hurrengo lanak egitera: herri bideen mantentze lanak egitera sasiak garbitzeko makinak erabiliz, herri altzariak margotzea, herri altzariak konpontzea… Hori guztia herri bakoitzaren beharrizanen arabera egingo dute.
Koordinatzailearen ardura izango da, baita ere, basogintza peoi taldearen zuzendaritza, antolaketa eta kudeaketa. Busturialdea osatzen duten 20 udalerrietako lanak koordinatu eta kudeatu beharko ditu, eta udal bakoitzarekin adostu beharko ditu egiteko beharrezkoak diren materialak.
Lanpostuek Arratzun izango dute egoitza, eta handik aterako dira beste herrietara.