Hartzaile premiari erantzuna eman asmoz
59. Durangoko Azokaren leloa eta kartela argitara eman dituzte gaur [urriak 16]. Azokak hartzailearengan ipiniko du fokua, abenduaren 5etik 8ra artean. 'Hartzea ematea da!' izango da aurtengo leloa. Kartela, ostera, Udatxo eta Balu artistek elkarlanean sortu dute.
Abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo dute Durangoko Azokaren 59. aldia. Gaur [urriak 16] aurtengo ekitaldiaren aurkezpen agerraldia egin dute, Landako Gunean bertan; han egon dira azokaren Gerediaga Elkarteko antolatzaileak eta azokaren sustatzaileak, aurtengo leloa eta kartela plazaratzeko. Euskal kultura kontsumitzeak beregain duen herrigintza eta konpromisoa azpimarratuko du leloak: Hartzea ematea DA!. Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak azaldu duenaren arabera, euskarazko sorkuntza ekoizpenak, oso “aberatsa” izanik ere, ez dauka “nahikoa hartzaile bere herrian”.
Kultur kontsumoan ipini dute. horrenbestez, premia: “Hor dago premia nagusia”. DAk, hori horrela, gabezia horri “erantzuteko ahalegina” egingo duela adierazi dute: “Azokara joatea, egitaraua kontsumitzea edota erostea kulturgintzari hauspoa ematea da”. Kultura jasotzea gizarteari bueltan emateko bidea dela azpimarratuta, DAren “birikak” duen esangura nabarmendu du Gaztelurrutiak: “Irakurtzea bestela idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, eta azokan egotea euskal kulturaren alde egitea da”.
Beñat Gaztelurrutia: “Irakurtzea bestela idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, eta azokan egotea euskal kulturaren alde egitea da”
Udatxo eta Balu artisten eskutik iritsi da 59. aldiaren kartela. Antolatzaileek “hainbat ikuspuntutatik berritzailea” den kartela aurkeztu dute. Batetik, orain arte ez bezala, elkarlanari pisu handia eman diote, egile biren artean ondu baitute. Bestetik, argitu dute sorkuntza prozesu “oso bereziaren emaitza” dela: “Geruza ugariko artelana da, geruza ugariko azokarentzat”. Gaurko agerraldian, gainera, artistek kartelaren sortze prozedura horren muntaketa irudikatu dute, eta leloa mihise batean margotu ere bai. Bestelako elementuen artean, eskuak dira kartelean nabarmendu gura izan dituzte elementuak. Udatxoren berbetan, hain zuzen ere, eskulana “garrantzitsuena” izan da beraientzat: “Eskuak gure eguneroko tresna dira”.
Aurtengo kartelaz.
Udatxo muralista eta margolaria baldin bada, Baluk arte multidiziplinarra jorratzen du, testuinguratze eza edota transmutazioa ardatz harturik. Hortaz, ez da kasualitatea lanak collage itxura edukitzea. Hain zuzen, “atzoko sormenetik” abiatuta, “gaurko artelan berri bat” eman dute egileek. Horretarako, euskal kulturaren erreferentziazko irudiak eta azokaren aurreko aldietako kartel zatiak itsatsi eta uztartu dituzte. Artistek azaldu dute, geruzak nahiz koloreak gehitu ahala, kartela forma berezia hartzen joan dela: “Kasualitatez nabaritu genuen kartelaren forma bihotz itxurakoa zela, eta hasi ginen kargutzen bihotzaren kontzpetuagaz ere baduela hartu-emana, odola gorputz guztira garraiatzen baitu”.
Nerea Mujika: “Aurtengo azokan gogoan edukiko dugu Jon Irazabal”
Bestalde, aurtengo ekitaldiak hunkidura karga berezia edukiko du. Izan ere, 30 urtez azokaren zuzendari izandako eta aurtengo abuztuan zendutako Jon Irabazal omenduko dute. Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikaren ustez, Irazabalek utzitako ondarea “itzela” da: “Aurtengo azokan gogoan edukiko dugu”. Betalde, Mujikak azoka egun “indartsu” egotea aintzatetsi du: “Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra; iaz genioen legez, fantasia hutsa”. Baina oraindik kulturgintzaren zein hizkuntzaren alde behar handia egiteke dagoela ere aurreratu du: “Euskarak oraindik badu lan horren beharrizana, eta Gerediagatik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baino”.
Azokaren aurtengo egitarauaren prestakuntzan bete-betean murgilduta daude antolatzaileak. Sortzaileek egitaraua osatzeko proposamenak bidaltzeko aukera eduki dute, eta orain guneetako arduradunei dagokie egitaraua jostea. Landako Guneak hartuko duen azokagune nagusiaz gain, aurtengo berritasunen aurkezpenak, berbaldiak edota tailerrak edukiko ditu azokak, besteak beste, 59. ekitaldiak. Abenduaren 5ean, 10:30ean egingo dute azoka eremuaren irekiera ofiziala, eta egun horretako goiza bereziki ikasleei zuzenduko zaie, guneetan beraientzako tailerrak eginez.