Baldatikara doan errepidearen bide segurtasuna hobetzeko lanekin jarraitzen dute
2021ean hasi ziren lanen lehenengo faseagaz, eta bigarrena gauzatzen ari dira orain; bi hilabeteko obrak izatea aurreikusi dute.
Errigoiti bideko bidegurutzetik Baldatikaraino doan errepide zatian lan egiten jarraitzen du Foruko Udalak. Izan ere, lanon bidez, Baldatikako sarbideak segurtasun eta iriste erraztasun handiagoa izatea gura dute. 2021ean hasi ziren lanen lehenengo faseagaz, eta bigarrena gauzatzen ari dira orain; bi hilabeteko obrak izatea aurreikusi dute. Horretarako 152.250,67 eurotan adjudikatu dituzte obrak, eta aldundiak 54.189,39ko diru laguntza eskaini dio udalari.
Urteen joanak eta inguruko baso lanek kaltetutako errepidea da egokitzen ari direna, eta, udal arduradunen berbetan, “beharrezkoa” zen obra horrekin hastea. Jakinarazi zutenez, bide horretako bazterrak eta hodiak egoera txarrean zeuden, eta zoruak arrakalak eta zuloak zituen. Hori dela eta, galtzadaren zabalera handitzea erabaki zuten, baita urak kanalizatzea, hodietan eta hustubide arketetan drainatzeak berritzea, harri lubetak eta euste hesiak eraikitzea eta bide zorua eta seinaleak berritzea ere.
Jakinarazi zutenez, oinezkoentzako segurtasuna bermatzeko, pasabide bat ere jarriko dute gero, paseatu eta arazo barik ibil daitezen oinezkoak.