Garaipena, gora begiratzeko bultzada
Gernika Rugby Taldeak Getxo Rugby Taldearen kontrako garaipenagaz abiatu du Ohorezko B Maila. 23-10eko markagailuagaz gailendu dira basurdeak, Urbietan.
Denboraldi berriari begira helburu argi bat du Gernika Rugby Taldeak: Elite multzora sailkatzea. Iaz kanpo geratu ziren, eta gernikarrek badakite hasiera batetik puntuak poltsikoratzen hastearen garrantzia. Lehen urratsa zapatuan [urriak 12]eman zuten, Ohorezko B Mailako lehenengo jardunaldian, Urbietan, Getxoren aurkako partiduan. 23-10eko markagailuagaz nagusitu ziren basurdeak.
Baloia martxan jarri aurretik, Naia Laso bermeotarrak ohorezko sakea egin zuen. Skater gazteak diploma olinpikoa lortu zuen Parisen, eta duela hiruzpalau aste hirugarren sailkatu zen Novarango (Italia) Skate Parkeko Munduko Txapelketan. Partiduari dagokionez, gernikarrek finkatutako helburua betetzeko “aurkari zuzena” izatera deitutako taldea hartu zuen zapatuan [urriak 12]: Getxo Rugby Taldea. Basurdeek “denboraldiaurre guztia” eman dute partidu horretan pentsatzen, eta adierazi dutenez, jende asko “oso urduri” egon zen aste guztian zehar, “partidu eta entrenamendu onak” egin badituzte ere, ez dutelako “Getxo moduko talde baten kontra lehiatu”.
Partidu “gogorra” izan zen arren, lehen momentutik basurdeak “oso ondo” aritu ziren, eta baloiaren jabetzari eutsi zioten. Hala ere, markagailuan atzetik aurrerako lana egin behar izan zuten, zigor kolpe bat baliatuta getxoztarrek aurrea hartu baitzuten. Gorka Argulek zuzendutako taldeak “lanean jarraitu” zuen, minutu gutxitan markagailua irauli eta aurretik jartzeko. Raynardt Nelen entseguari eta Ramiro Perezen zigor ostikoari esker, atsedenaldia iristerako talde gernika-lumotarra aurretik zen markagailuan, 8-3.
Bigarren zatia hasteagaz batera, Eder Martinezek txartel horia ikusi zuen, basurdeak hamar minutuz berdegunean jokalari bat gutxiagogaz utziz, baina, hala ere, Argulen mutilek “sufritzen jakin” zuten, bigarren zatian zehar abantaila handitzea lortuta: “Gure aurrelariek lan oso oso ona egin dute. Hiru entseguak beraiek lortu dituzte, erasoan oso lan ona eginda”. Era berean, getxoztarren atzelarien lana ere balioan jarri zuten, partidu “oso gogorra” izan zela nabarmenduta.
Iaz Getxoren aurkako partidua galdu eta gero, aurten derbi bizkaitarrean garaipena “aupada handia” da. Ligako lehen jardunaldian “normalak” diren hutsegite batzuk kenduta, partiduak emandakoagaz “pozik” agertu ziren basurdeak: “Hamarrekoa ez bada, bederatziko partidua egin dugu”. Denboraldi berrirako osatu duten taldeak duen “lanerako gogoa” azpimarratu dute: “Aurten, azken urteetan agian izan ez dogun moduan, talde lan oso ona dugu; elkar animatzen dugu eta nahiz eta talde gaztea izan lan egin eta hobetzeko prest gaude”.
Bigarrena, Zarautzen. Denboraldiko lehen lau puntuak poltsikoratuta, bigarren jardunaldian beste derbi bat lehiatuko du Gernika Rugby Taldeak. Gipuzkoa Sortzen, Zarautz Rugby Taldeak, Donostiako Bera Bera taldeak eta Lasarte Oriako Beltzak osatutako taldea izango dute parez-pare domekan [urriak 20] Zarautzen jokatuko duten norgehiagokoan. “Getxoren aurka irabazita, aupada honegaz, domekan zein hurrengo partiduetan irabaztera joan ahal gara”. Datorren asteburuan garaipena lortzea “gora begiratzeko bultzada” izango litzateke gernika-lumotarrentzat.