Auzo batzarrak egingo ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Bizilagunek dituzten beharrak zuzenean ezagutzeko auzo batzarrak egingo ditu Gautegiz Arteagako Udalak, zapatu goizetan. Lehenengoa Kanalako Gizarte Etxean egingo dute, zapatu honetan (urriaren 19).
Gautegiz Arteagako Udalak udalerriko auzo eta zonaldeetako bizilagunek dituzten beharrak zuzenean ezagutzeko auzo batzarrak egingo ditu, zapatu goizetan, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko; lehenengoa Kanalako Gizarte Etxean egingo dute, zapatu honetan (urriaren 19), 12:000etatik 14:00etara bitartean.
“Udal gobernuarentzat garrantzitsua da zuzenean ezagutzea zeintzuk diren gure bizilagunek dituzten beharrak. Izan ere, auzo bakoitzaren ezaugarriek auzotarren beharrak desberdinak izatea eragin ditzakete; horregatik, auzoka eta zonaldeka batzartuko gara”, azaldu du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak.
Ondorioz, euren auzoa hobetzeko iradokizunak egin gura dituzten herritarrei udalagaz lankidetzan aritzeko deia egin diete. “Batzuetan, herriak bere osotasunean dauzkan beharrizanei erreparatzen diegu, baina udalarentzako garrantzitsua da auzo ezberdinetako herritarren egunerokotasuneko beharrak ezagutzea”, gehitu du Saituak.
Alkateak banaka jasoko ditu herritarrak auzobatzarretan, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik erreserba egitea; hau da, pertsona edo familia bakoitza Saituagaz elkartuko da zuzenean.
Auzo eta zonalde desberdinetako hurrengo data aurreikuspena hurrengoa dela jakinarazi dute. Hala ere, egutegi hori egunek aurrera egin ahala konfirmatuko dutela esan dute, baita non egingo diren ere. Hori udaleko komunikazio kanalen bidez jakinaraziko dute, “behar besteko aurrerapenagaz”.
- Urriaren 26a: Islas, Portuas, Agirreta, Muniategi eta Ozollokoak.
- Azaroaren 2a: Muruetagane, Aldamiz, Basetxeta, Tremoia eta Zendokizekoak.
- Azaroaren 16a: Kaltzaondo, Errekalde, Mendialdua, Elizalde eta Gaztelubidekoak.
- Abenduaren 14a: Zelaieta, Zelaieder, Zelaialde, Arteaga-Uria, Oruetas, Ibarrekozubi eta Ikus Alaikokoak.
Halaber, gogoratu dute, Saituak barikuro hartzen dituela herritarrak udaletxean, eta, auzo zein zonaldeetara joateko ekimen honegaz udalaren eta herritarren arteko distantziak laburtu gura dituela. “Erraztasun gehiago eman eta arteagatarren zuzeneko komunikaziorako aukerak zabaldu gura ditugu, herritarrek alkateari euren beharrak eta udalerria hobetzeko ideiak helarazteko”.