26. Xixili Torneoak Jai Alai pilotalekua girotu du
26. Xixili Torneoa ospatu dute asteburu honetan Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Xixili klubaz gain, Espainia osoko beste hainbat klub ere bertaratu dira, "goi mailako" parte hartzearekin. Antolatzaileek "balorazio oso ona" egin dute asteburuarekiko.
Xixili Torneoaren 26. edizioari ekin diote asteburuan Gernika-Lumon. Jai Alai pilotalekua gimnastika erritmikoaren eszenatoki bihurtu zen zapatuan (urriak 12) eta domekan (urriak 13). Zapatuan egun osoan zehar lehiatu ziren heinean, domekan goizean izan zuen toki lehiaketak, osteko sari banaketaz gain. Euskal Herriko talderik esanguratsuenez aparte, Espainia osoko taldeak ere bertaratu ziren foru herrira. Izan ere, urte amaieran gimnastika erritmikoko Espainiako Txapelketa jorratuko denez, asteburu honetako torneoa horretarako prestakuntza paregabea izan da parte hartzaileentzat.
400 parte hartzaile inguru aurreikusten zituen Xixili klubak, eta aditzera eman dutenez, horrela izan da: “400 bat gimnasta egon ziren, 20 bat talde inguru. Jai Alai pilotalekuan giro ona nabaritzen zen guztien artean, izan ere, bai publikoaren baita parte hartzaileen jarrera oso egokia izan zen”. Goi mailako nibela nagusitu zela azpimarratu dute, gainera, batik bat, Euskal kluben “ohiko nibel onaz gain, kanpoko taldeen nibela ere oso altua” zelako.
Taldeka zein bakarka lehiatu ziren parte hartzaileak. Taldekako lehian, Oinarrizko Haurrak taldeak pilotagaz lehiatu ziren; Oinarrizko Gazteak T taldeak, hiru uztaigaz eta pilota bigaz; Oinarrizko Gazteak P taldeak ere hiru uztaigaz eta pilota bigaz. Banakakoei dagokienez, haur kategorian, Ainhize Ormaetxea eta Ane Axpe xingolagaz ibili ziren lehian; kadete mailan, Agurne Uribarri, hura ere xingolagaz. Gazte kategorian, Idoia Hormaetxeak sokagaz lehiatu zuen, eta Nile Aberasturik ere bai. Azkenik, Garazi Aslak senior absolutu mailan lehiatu zuen, xingolagaz eta mazekin.
Xixili klubeko parte hartzaileen emaitzak goraipatu dituzte klubetik, postu “oso onak” lortu zituztelako. Hala nola, Garazi Aslak mazekin bigarren postua eskuratu du. Xingolarekin, berriz, lehenengo postuan bukatu du. Idoia Hormaetxea, hogeita hamar parte hartzailetik seigarren postuan gelditu da. Taldeko haurrek eskuratutako laugarren postua ere nabarmendu dute klubetik, besteak beste. Izan ere, klubaren irudiarekin pozik agertu dira: “Klubetik parte hartu duten guztiek egin dute lan txukuna orokorrean, klasifikazioa albo batera utzita ere”.