Guggenheim proiektuaren aurka, Busturialdeko Ikasle Greba eta Kanpaldia deitu dute
Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak beharrezkotzat du "Biosfera Erreserba suntsituko duen" proiektuaren aurrean antolatzea. Horrela, urriaren 18an (barikua) Ikasle Greba eta Gazte Kanpaldia deitu dute, hurrengo egunean Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deitutako mobilizaziora arte.

EAJ eta PSE-EEk Busturialdea biziberritzeko plan ekonomikoa aurkeztu zuten Legebiltzarrean urtarrilean, eta gutxinaka horren inguruko xehetasunak publiko egiten joan dira. Guggenheim Urdaibai proiektua aurrera doa eta horren erakusgarri dira udan egindako Daliaren eraisketa edota udazkenean hastekoak diren Gernika-Lumo eta Murueta bideko obrak. Gernika-Lumoko Gazte Asanbladatik, beraien desatsegintasuna argi adierazi dute gaur goizean institutu aurrean egindako agerraldian: “Bai Daliaren eraisketak eta baita hastekoak diren obrek, Urdaibairen bihotzean Guggenheim museoak eraikitzeko erabakiarekin jarraitzen dutela berresten dute”. Horren aurrean antolatzea beharrezkotzat dute, gainera. Hala, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak urriaren 19an (zapatua) Gernika-Lumon deitutako mobilizazioarekin bat egingo dutela eman dute aditzera.
“Gernika-Lumoko Gazte Asanbladatik, mobilizazioaren aurreko egunean, urriak 18an (barikua), Busturialdeko Ikasle Greba deitu dugu, eta grebaren ostean 24 orduko Gazte Kanpaldia egingo dugu larunbateko elkarretaratzera arte”, jakinarazi dute. Greba eta kanpaldia deitzearen helburua, gazteria aktibatu eta proiektuaren aurka antolatzea dela aitortu dute, batik bat. Izan ere, instituzioen ustetan Busturialdearentzako bultzada ekonomikoa eta onura ekologikoa ekarriko duen proiektuak enpresarien interesei soilik erantzuten diela uste dute: “Guk argi dugu eskualdeko biztanleria osoari onura ekonomikoa ekartzetik urrun, Urdaibain eta Busturialde osoan eraiki nahi duten negozio turistikoaren parte direnei soilik ekarriko diela aberastasuna, gainerako guztion pobretzearen kontura”. Besteak beste, makroproiektu horrek langile klasearen bizi baldintzetan eragin nabarmena izango duela berretsi dute, gazteen kasua nabarmenduz. Alokairu turistikoen hedapena, prezioen gorakada orokortua, lan baldintza prekarioak, kultur inposaketa eta aisialdiaren pribatizazioa bezalako ondorioak gehitu dituzte beraien arrazoiketan.
Biosfera Erreserbaren suntsipenak kezkatzen ditu gazteak: “turismo berdearen banderapean maskara ekologista jarri arren, ez gaituzte engainatuko. Proiektuak ekarriko duen turistifikazio prozesuak, Biosfera Erreserbaren etengabeko suntsipena bultzatuko du”. EAJ izan da proiektuaren bultzatzailea PSE-EEren laguntzagaz, eta gaur goizean batutako gazteak argi esan dute, beste behin erakutsi dela “instituzioak eta legedia kapitalisten trenak” direla, eta haien “interesen arabera erabiltzen eta moldatzen” dituztela.
Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak ez du Guggenheim proiektua nahi, eta horretan tinko erakutsi dira. “Horren aurrean antolatu eta borrokatzea baino ez zaigu gelditzen”, aipatzearekin batera, borroka horretan gazteak lehen lerroan egon behar direla aldarrikatu dute. Bide batez, ikasleak beraien olatura igotzeko deia zabaldu dute: “Larunbateko elkarretaratzera hurbiltzearekin batera, Busturialdeko ikasleei ostiralean greba egitera deitzen dizuegu, eta gazte guztioi, kanpaldian parte hartzera”.