Herri ariketa "oso polita"
95 lagunen bilgunea izan zen domekan (urriak 6) Goikuri Nagusien Elkarteak Egigun bidelagun dutela 30 urteren ostean berreskuratu duen herri martxa.
Hiru hamarkadaren ostean, Arratzuko nagusi, gazte eta umeek elkarregaz eman zituzten berreskuratutako Herri Martxako pausoak. Belaunaldi arteko trasmisioa sustatuz, norabide berean egin zuten bidea, Arratzutik Muruetaraino ailegatuz. Izan ere, 95 lagunen bilgunea izan zen domekan (urriak 6) Egigun elkarteak 30 urteren ostean berreskuratu duen herri martxa.
Herri ariketa “oso polita” izan zela ondorioztatu dute antolatzaileek, eta “oso ondo” joan zela nabarmendu dute: “Jende guztia oso pozik ibili zen, eta belaunaldi ezberdinetako kideak elkarregaz oinez aritu ginen”. Hala, etorkizunean ere errepikatzeko “gogo eta indarra” dutela onartu dute.
Gogoratu dute Goikuri Nagusien Elkarteak egin ziela Egigunekoei herri martxa berreskuratzeko proposamena, eta Goikurikoek martxa prestatzeko beharretan bidelagun izan dituzte Egigunekoak.
Bi bide
Horiek horrela, aldaparik bariko 12 kilometroko bidea osatuko zuten martxalariek, 10:00etan Loiolan hasita. Handik Muruetako teileriraino joan ziren, azkenik, Kamiñokora ailegatzeko. Batzuk oinez eta beste batzuek autobusez egin zuten bidea, baina “pozik” amaitu zuten eguna denek ala denek.
Argazkiak: Txema Garcia.