50 lagun inguru batu ditu belaunaldien arteko mendi martxak
Gautegiz Arteagako Helduen Elkarteak antolatutako 8. belaunaldien arteko mendi martxan murgildu ziren arteagarrak zapatuan, aitite-amumen eta haien seme-alaben zein iloben parte hartzea bultzatuz.
Zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuari jarraituz, eta aitite-amumen eta haien seme-alaben zein iloben parte hartzea bultzatuz, Gautegiz Arteagako Helduen Elkarteak 8. Belaunaldien arteko mendi martxa herrikoia antolatu zuen, zapatuan (urriak 5). Zortzigarren edizioa da, eta urtero lez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gautegiz Arteagako Udalaren babesean antolatutako ekimena da, Hala, Patrik Saitua udalerriko alkateak balorazio baikorra egin du zapatuko mendi martxaren eta bere helburuen inguruan: “Herria naiz herritarrak gehiago ezagutzeko martxa bat da herriko Helduen Elkarteak urtero antolatzen duen hau. Belaunaldi desberdinen arteko erlazioak sendotzeko balio du, eta beste behin, ondo joan zen”.
Mendi martxak 50 lagun inguru batu zituela nabarmendu du Saituak, eta parte hartzaile guztiei egokitutako martxa egiteko asmoz, “bi ibilbide” prestatu zituztela gehitu du, parte hartzaileek horien artean egokiena deritzena aukeratzeko. Alde batetik, “5 kilometroko ibilbide laburra” egiteko aukera egon zen; bestetik, ordea, “11 kilometroko ibilbide luzeagoa” egitekoa. Gainera, Gautegiz Arteagako alkateak mendi martxa hau antolatzen jarraitzea “oso garrantzitsua” dela adierazi du.
Jakinarazi duenez, amaieran, gainera, parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa jateko aukera egon zen Artea Tabernan, beste behin ere Helduen Elkartearen eskutik.