Iazko garaileek beren hautagaitza plazaratu dute
Ajuriako III. Pilota Goxua Txapelketaren lehenengo jardunaldiari dagozkion partiduak jokatu dituzte. Latxi-Mugika bikotea eta Azkarai-Bidaburu iazko bikote irabazlea nagusitu dira.
Abian da Ajuriako eta inguruko herritarrei urriko barikuak girotuko dizkien kirol egitasmo ederra: III. Pilota Goxua Txapelketa. Iragan barikuan [urriak 4] eman zioten hasiera kirola eta herrigintza uztartzen dituen esku pilota txapelketari.
Maila handiko partiduak eduki zituzten lehendabiziko jardunaldian. Batetik, Artetzuk eta Pereak Latxi eta Mugikaren kontra neurtu zituzten indarrak; bestetik, Azkaraik eta Bidaburuk Xabat eta Xabi eduki zituzten aurrez aurre. Biak ala biak “maila handiko” norgehiagokak izan zirela azpimarratu dute antolatzaileek: “Uribe Kostako, Lea-Artibaiko, Durangaldeko eta Busturialdeko pilotariak aritu ziren kantxan zein baino zein gehiago eta, oro har, partidu lehiatuak eta ikusteko ederrak izan ziren.
Lehendabiziko neurketan, Latxi eta Mugikak 22 eta 18ko markagailuagaz ezarri zuten beren legea; Artetzuk eta Pereak osatutako bikoteak, gogor saiatuta ere, ezer gutxi egin ahal izan zuen Latxiren nagusitasunaren aurrean. Hain zuzen ere, 7 tanto egin zituen azken hark. Neurketa “urduria” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek, baina “tanto politak” eduki zituela argitu ere bai.
Bigarren partiduak markagailu are borrokatuagoa eduki zuen. Izan ere, iazko garaileek, Azkaraik eta Bidaburuk, tanto biko aldeagatik lortu zuten garaipena Xabaten eta Xabiren aurkakoan: 22-20. Oreka izan zen bigarren norgehiagokaren gidalerro nagusia, bikote bietako batek ere ezin izan baitzuen kantxako jokoa dominatu. Azken txanpan, Xabaten pilotakada batek txapan jo zuen, eta orduantxe ipini zen partidua Azkarairen eta Bidabururen alde. Era berean, antolakuntzak Xabik egindako behar aparta azpimarratu du: “Oso ondo aritu zen, maila handia duten eta Ajurian irabaztea zer den jakin badakiten arerioen kontra eta partiduan zehar 8 tanto egitea lortu duen Bidabururen kontra.
Giro aparta. Partiduez harago, Ajuriako herrigunean hainbat auzotar nahiz bisitari elkartu ziren: “Horrek egindoko aldartea sortu zuen. Txapelketaren helburuak, kirol alorrekoez gain, tokiko kultura, auzo bizitza eta euskara bultzatzea dira; lehenengo jardunaldian, behintzat, jomuga ondo bete zen“. Datorren barikuan [urriak 11] jokatuko dute, 19:00retan hasita, bigarren jardunaldia.