Alluitz De Bilbao eta Paul Ormaetxea, nahieran
Alluitz De Bilbao kortezubitarrak eta Paul Ormaetxea muruetarrak beren legea ezarri dute 39. Ereñozarrera Igoeran. Irati Zabala gernika-lumotarra eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarra daude, lasterketa bakarraren faltan, Igoera Herrikoien Ligaren lidertzan.
Domekan, Busturialdeko nahiz inguruko mendi korrikalaririk bizkorrenak Ereñon elkartu ziren, II. Igoera Herrikoien Ligaren azken-aurreko lasterketa lehiatzeko: 39. Ereñozarrera Igoera. Probak Ereñoko herrigunea eta Ereñozar mendi gailurreko San Migel baseliza lotu zituen. Lehen zatia asfalto nahiz hormigoi gainean egin zuten, abiadura bortitzean; bigarrenak, berriz, lurzoru teknikoagoa eta aldapa pikoagoa eduki zituen.
Paul Goitisolo gernika-lumotarra izan zen estreinako tartean aurpegia erakutsi zuena, baina, bigarren zati gogorrean, Paul Ormaetxeak lasterketa burua harrapatu zuen, eta tontorreraino postuari eutsi zion. Muruetarrak 08.39,66ko denbora borobilagaz lortu zuen garaipena Ereñozarren. Bigarren sailkatua, 08.51,36koagaz, behetik gorako proba egin zuen Imanol Goñi natxituarra izan zen. Gizonezkoen podiuma Julen Aranguenak osatu zuen; kortezubitarrak 08.54,30ean gelditu zuen kronoa. Helmuga harrapatu zuen herriko lehen korrikalaria Mikel Lejarreta izan zen; 13.27,20ko denbora egin zuen etxekoak.
Emakumezkoen lehiari dagokionez, Alluitz De Bilbaok sendotasun guztiz poltsikoratu zuen garaipena. Bere aurtengo egutegia igoera herrikoietan oinarritu ez arren, faborito izan dela frogatu du irteera lerroan egon den orotan. Ereñozarren, kortezubitar gazteak 12.12,94ko erregistro aparta sinatu zuen; bigarren sailkatuari hamar segundoko aldea atera zion, Amaiur Etxeandia zornotzarra 12.22,11ko denboran egin baitzituen lanak. Hirugarren koskan oraintsu lehiatutako Tontorramendira Igoeran bigarren postuagaz bere sasoi puntu ona bistaratu berri duen Nahia Elezgarai berriatuarra helmugaratu zen, 12.29,71koagaz. Lehen ereñarra Paule Diego izan zen, 15.15,22ko denbora egin zuena.
Antolatzaileak “pozarren” azaldu dira bai probak izandako jarraipenagaz, bai parte hartzaileen jarreragaz. 19 gizonezko eta 12 emakumezko egon dira 39. aldiaren irteera lerroan; genero arteko arrakala, horrenbestez, beste proba batzuetan baino apalagoa izan da. “Zentzu horretan lanean” jarraitu beharra dagoela nabarmendu dute, hain zuzen ere, antolakuntzakoek. Abenduaren 6an Elantxoben lehiatuko duten Kaltzadan Gora lasterketak emango dio amaiera Igoera Herrikoien Ligaren bigarren ekitaldiari. Hori bai, hala gizonezkoen, nola emakumezkoen sailkapenean oraindik gauza pila bat dago erabakitzeke.
Gizonezkoen behin-behineko sailkapenean, Xuban Muniozguren markina-xemeindarra dago, egun, lidertza postuan. Aparteko erregulartasuna erakutsi du liga osoan; patrikan dituen 337 puntuak horren erakusle dira. 288 puntugaz, Julen Aranguenarena da bigarren postua. Hirugarren postuan, 222 puntugaz, Unai Alberdi dago. Emakumezkoen artean, Irati Zabala gernika-lumotarra 312 puntu ditu, baina Nahia Elezgarairen presioa ere nabaritu beharko du azkenengo probari begira, 19 puntura baitago Berriatukoa. Hirugarren postuan, egun, Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarra dago, 230egaz.