Pentsio duinak aldarrikatzen jarraituko dute Busturialdeko pentsiodunek
Astelehenean Foruen plazan 12:00etan biltzeko hitzordua jarri dute, pentsio duinak aldarrikatzen segitzeko eta irailean egin dituzten ekintzen berri emateko. Izan ere, irailean, Euskal Herriko pentsiodunek Herri Ekimen Legegilea (LHE) aurkeztu zuten Bilbon, pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatara iritsi arteko osagarri ekonomiko bat bermatzeko.
Busturialdeko pentsiodunak astelehenetako hitzorduan bilduko dira berriro astelehenean, izan ere, elkarretaratzea egingo dute Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean, 12:00etan, pentsio duinak aldarrikatzen segitzeko eta irailean egin dituzten ekintzen berri emateko.
Izan ere, irailaren 25ean, Bilbon, Euskal Herriko pentsiodunek Herri Ekimen Legegilea (LHE) aurkeztu zuten, pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatara iritsi arteko osagarri ekonomiko bat bermatzeko. Egun bat beranduago, agiri hori notariora eroan zuten, 500 pentsiodunen babesagaz.
LHEren helburu nagusia da Bizkai, Araba eta Gipuzkoako pentsiodun guztiek 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren osagarria jasotzea 14 ordainsaritan. Eskaera hori pentsiodunek bizi-baldintza duinak eskuratu ahal izatea bermatzeko beahrrari erantzuteko sortu zuten, batez ere “inflazioa gero eta handiagoa” den eta “funtsezko ondasun eta zerbitzuen kostuei” eragiten dien testuinguru batean. “1.080 euroko osagarri hori gutxieneko pentsioak LGDrekin parekatu arte proposatzen den aldi baterako neurria da. Gaur egun, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 160.000 pentsiodunek baino gehiagok kopuru horretatik beheragoko diru sarrerak dituzte, eta horrek prekarietate ekonomikoko egoeretan jarraitzen du”, azaldu dute.
Gehitu dute osagarri horrek pentsiodunei “duintasunez eta segurtasun ekonomikoagaz” bizitzeko aukera emango diela. “Gutxieneko pentsioa ez da mugatu behar pobreziaren atalasea gainditzera, baizik eta pentsiodunei aukera eman behar zaiela bizitza sozial eta kulturalean bete-betean parte hartzeko. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak espero du Eusko Legebiltzarrak LHE hau izapidetzea eta gizartearen eskaera horri erantzuteko beharrezko erabakiak hartzea, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako pentsiodun guztiak duintasunez eta segurtasun ekonomikoagaz bizi ahal izatea ziurtatzeko”.
Horrez gain, nabarmendu dute LHEren helburua ez dela pentsiodunen egoera ekonomikoa hobetzea bakarrik, pentsioetan dagoen “genero arrakala ixtea” ere badelako neurri horren asmoa: “Emakumeei eragiten diete gehien pentsio txikiek, ordaindu gabeko zaintza lanetan eta etendako lan jardunetan parte hartze handiagoa dutelako”.
Hala, horren guztiaren berri emateko, eta euren aldarriekin aurrera segitzeko, astelehenean Foruen plazan biltzera deitu dituzte herritarrak: “Pentsio publikoen aldeko ekintzak egiten segitzen dugu pentsiodun guztientzat eta etorkizuneko pentsiodunentzat”.