Palestinari elkartasuna helarazteko manifestazio nazioanala deitu dute
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitu du biharko [urriak 5] manifestazioa, Bilbon, "Palestinaren kontrako Israelen azken ofentsibatik" urte bete pasa denenean.
Palestinako herriari babesa helarazteko manifestazio nazioanala deitu du Palestinarekin Elkartasunak, bihar [urriak 5], Bilbon. “Urtebete pasa da Palestinaren kontrako Israelen azken ofentsibatik, baina Israelek hamarkadak daramatza palestinarren kontrako palestinarren garbiketa etnikoa gauzatzen”, azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, Palestinar erresistentzia babestu. Israel eta bere konplizeei aurre egin lelopean kalera aterako dira zapatuan.
«Urriaren 7an urtebete beteko da palestinar erresistentziak hamarkadetako zapalkuntzari erantzuna eman ziola”, azaldu dute. Palestinarekin Elkartasunatik gatazka piztean “kolore guztietako alderdiek erantzukizuna bi aldeetan parekatzea” salatu dute. Era berean, “estatu sionista bere izaera genozida” agerian uzten ari dela adierazi dute, “mendebaldeko estatuen babesarekin”.
“Mendaldeko agintarien soluzio faltsuen aurrean Palestinaren deskolonizazioa eta estatu sionistaren desegitea da aukera bakarra”, azaldu dute. Bide horretan, palestinar erresistentzia babestea “ezinbestekoa” dela gehitu dute. Modu berean, Israelen eta “mendebaldeko konplizeen” kontrako mobilizazioak indartu behar dira adierazi dute, bihar 12:00etan Jesusen Bihotzera hurbiltzeko deia egiteagaz batera.
Kazetariekin elkartasuna. “2023ko urriaren 7tik, Israelek hil duen kazetari koputuak jada Vietnango gerrako bi hamarkadetakoa gainditu du”, jakinarazi dute. Izan ere, urtebetean 173 kazetari izan dira erailak eta 180 zaurituak. Israelgo estatuak 182 hedabide egoitza bonbardatu ditu, eta atxilotuak izan diren 86 kazetariez gain, bi desagertuta daude.
Palestinarekin Elkartasunatik “euskal kazetarien ahotsa ere altxarazi” nahi dute, “Gazan gertatzen ari denaz informatzeko oztopoak, kazetarien kontrako erasoak, lurraldean sartzeko ezintasuna, interneteko sarbidea mozketak… eguneroko” bilakatu direlako. Besteak beste, hildakoen kopuru zehatza ezagutzea “ezinezko” bihurtu dela salatu dute: “Zenbait iturriren arabera 186.000 izan daitezke”.
Zehaztu dutenez, urtebete beranduago, “oraindik zutik dirauen erresistentziari” babesa adierazi eta “mugarik ez duen Israelgo estatu sionistari eta bere mendebaldeko konplizeei aurre egiten jarraitzeko beharra” mahai-gaineratzeko aukera izango da zapatuko manifestazioa.
Baraualdia. Azken egunotan Palestinari elkartasuna helarazteko egitarauan murgilduta egon dira antolatzaileak. Euskal Herriko bost gunetan, Iruñean, Sakanan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon esaterako, 24 orduko elkartasun baraualdia hasi zuten atzo, “zapatu honetan Bilbon izango den manifestazio nazionalera begira indarrak biltzeko”. Gainera, hiri bakoitzerako egitarau zabalak prestat dituzte.