Olatz Arrizabalaga, urteko helburuetako baten atarian
Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarrak 3 Hiriburuak txapelketaren finalaurrekoa lehiatuko du datorren domekan [urriak 6], Bilbon. Finala urriaren 13an izango da, Gasteizen.
Arrate Bergaragaz batera oraintsu Udako Txapelketako txapeldunorde izan ondoren, Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak letro gorriz markatutako txapelketa lehiatuko du datorren asteburuan: 3 Hiriburuak torneoaren finalerdia jokatuko du, domekan [urriak 6], Bilboko Esperantza pilotalekuan. Arrizabalagak sasoi puntu onean helduko dio urteko helburu nagusienetako bati, eta maila handiko atzelari batek jagongo dizkio kantxaren atzealdeko koadroak: Irati Zabalak. Aurrez aurre edukiko duten bikotearen maila, baina, ez da inondik inora makala izango: Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal izango dituzte arerio.
Maila handiko partidua dago aurreikusita. Bai Arrizabalaga, bai Zabaleta egun emakumezkoen esku pilotan dauden aurrelari punta-puntakoenetako bi dira. Antolatzaileek, aurtengo lehiarako, gaztetasuna eta eskarmentua uztartzen dituzten bikoteak osatu dituzte oro har eta, horrenbestez, ez dago garaipena poltsikoratzeko hautagai nagusirik. Edozelan ere, egun maila itzelean dabiltzan pilotariak edukiko ditu txapelketaren beste finalaurrekoak ere: Udako Txapelketan bikotekide legez aritu diren Madalen Etxegaraik eta Enara Gamindek elkarren kontra jokatuko dute. Lehendabizikoak Uxue Osesegaz jokatuko du; bigarrenak, ostera, Mirian Arraizagaz.
Finalerdiak ate joka, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Errotetak adierazi du tankerako txapelketak tokiko “kulturaren eta nortasunaren parte” direla; udal arduraduna “harro” agertu da, Bizkaiko hiriburua finalaurrekoen testigu izango baita. Arrizabalagak, bere aldetik, azpimarratu du urte amaiera bitartean lehiatuko dituen txapelketetako “esanguratsuenetakoa” dela 3 Hiriburuak: “Hala torneoa, nola pilotariak ondo ezagutzen ditut. Badakit lehiaketa horretan irabaztea zer den, eta aurten ere garaipenaren borrokan ibili gura dut”. Txapelketa horren finala begiz jota du, baina ez da ortzimugan duen helburu bakarra: “Bizkaiko Txapelketa eta Lau eta Erdikoa ere lehiatuko ditut; azken horrek bereziki motibatzen nau, hara sendo heltzeko beharrean ari naiz”.
Donostiak txapelketaren ligaxka fasea hartu du irail amaiera, eta orain Bilboren txanda da. Final handiari dagokionez, urriaren 13an jokatuko dute, Gasteizen.