Fiskaltzak 14 urteko kartzela zigorra eskatu du Mario Lopezentzat
EITBk gaur jakinarazi duenez, biktima bizi den herrira 10 urtez bertaratzeko debekua ere eskatu du Fiskaltzak, eta epaiketa urtarrilaren 14an hasiko da. Lointek Gernikako entrenatzaile eta kirol zuzendaria ohia 2022an salatu zuten, 13 urteko adingabe bati sexu abusuak egiteagatik.
Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaile ohiaren kontrako auziak aurrera jarraitzen du, eta EITBren arabera, haren kontrako fiskaltzaren eskaria ailegatu da: 14 urteko espetxe zigorra eta hamar urtez biktima bizi den herrira bertaratzeko debekua. Horrez gain, ahozko epaiketa hasteko eskaera ere egin du. Hala, auzia Bizkaiko Auzitegiaren esku geratuko da orain, eta datozen asteetan akusazio partikularrak eta defentsak euren idatziak aurkeztu beharko dituzte. Epaiketa urtarrilaren 14tik 16ra egingo da Bizkaiko Auzitegian.
Gernika-Lumoko Sare Feministak esan du eurek “Guk sinisten zaitugu” esanez hasi zutela ibilbide hau, eta orain “gu zurekin gaude” esatea tokatzen zaiela; izan ere, jakin badakite “epaiketa prozesuak oso gogorrak” izaten direla erasotuak direnentzat. “Hasieratik kokatu gara mesfidatu mundu judizialaren aurrean, patriarkatuak errotik baldintzatzen duen egitura bat dela ulertzen baitugu. Bai, eskaera gogorra da. Kartzela eta urruntze eskaerek hamarkada gainditzen dute, eta horrek egoeraren larrituasuna adierazten ditugu. Hala ere, bi urte baino gehiago pasatu dira gaur egun emakumea den gure herriko neskato hark epaitegira salaketa jartzera joateko ausardia batu zuenetik. Bi urte luze hauetan, haur bat bortxatzeagatik salatua izan den gizon bat umeekin egon da lanean, hainbat jokalari jazarri ditu bere botere posizioaz baliatuz, min egitea baino helburu ez zeukaten salaketa faltsuak jarri ditu epaitegian, eta lasai ibili da poteak hartzen gure herriko kaleetan. Sistema judiziala ez dugu aliatu, ez”, azaldu dute.
Lopez 2022an salatu zuten, 1998ko uztailetik 2001era bitartean iraun zuten sexu abusuengatik, eta iazko abenduan –klubeko kirol arduraduna zenean– jakin zen bere aurkako salaketa bat zegoela, hiru urtez 13 urteko neska bati sexu abusuak egitea leporatzen ziona.
Izan ere, Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, lehenengo Allende Salazar Herri Ikastetxean, eta gero, Gernika KESBn; eskola komunitateak jarraian gaitzetsi zuen entrenatzaile ohiak adingabeari egindako sexu erasoa.
Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Gernikako epaitegian jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen biktimak, eta mehatxuak ere etengabeak izan ziren, baita bere gaineko kontrola ere. Salaketak zioen bortxatu egin zuela, eta felazioak egitera behartu ere bai.
Berri horrek ezinegona eragin zuen Gernika-Lumon, eta Gernika-Lumoko Sare Feministak manifestazioa deitu zuen, neskak salatutakoa arbuiatzeaz gain, saskibaloi taldeko zuzendaritzak egoera horren aurrean izandako jarrera gaitzesteko. “Inpunitatearen eta konplizitatearen aurka” mobilizatu ziren 3.000 lagun inguru herriko kaleetan.
Sare feministaren eta klubaren bertsioa ez zetozen bat. Gernika KESBek adierazi zuen salaketa publiko egin zen egun horretara arte ez zutela ikerketaren berri ofizialik jaso: “Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez, ez dugu jakin salaketa zela adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik“. Baina, sare feministak jakinarazi zuen uda hasieran izan zutela kasuaren berri, eta informazioa izan bezain laster jarri zirela klubarekin harremanetan. “Berria jaso bezain pronto hartu genuen gure lehenengo erabakia: biktimari sinistea. Gero, erasotuaren errelatoa geure eginez eman genituen hurrengo pausoak. Ezinbestekoa ikusi genuen saskibaloi taldearekin harremanetan jarri eta beharrezko neurriak hartzeko eskatzea”, azaldu zuten. Hala, eraso berrien prebentzioa eta erasotuaren erreparazio prozesua ipar hartuta, erasotzailea “prestigiozko postutik kentzeko” neurriak hartzeko eskatu zioten taldeari.
Ziurtatu zutenez, udan zenbait bilera eta dei izan zituzten kirol taldeko zuzendaritzako kideekin, egoerari “irtenbide bat” emateko asmoz. Kirol taldearen partetik, baina, maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko “zailtasunak” jarri zituztela mahai gainean jakinarazi dute feministek. Hori dela eta, taldeagaz adostasunera heltzeko zabaldutako “prozesua amaitu” zutela jakinarazi zuten.
Abenduan, taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gaiaren “kudeaketan egindako akatsengatik”. Gainera, emandako erasoak gaitzetsi zituen klubak, eta esan zuen neurriak hartuko zituztela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, gainera, ezohiko bilera deitu zuten, azalpenak emateko. Batzar haretan Lointekeko presidente Gerardo Candinak esan zuen bazkideek zuzendaritza babestu zutela, baina bestelako ahotsak ere entzun ziren bazkideen artean. Izan ere, batzuek “xantaia emozionala” egitea egotzi zioten zuzendaritzari.
Beranduago, Lopezek Busturialdeko lau herritarren kontrako salaketa jarri zuen, sare sozialetan jazarri izana leporatuta. Horiek Gernikako epaitegian deklaratu eta gero, epaileak kasu artxibatu zuen.