Euskal kultura eta ohiturak indartzeko jaia
Etzi [urriak 5] ospatuko dute Euskal Jaiaren XV. aldia Gernika-Lumon, euskal kulturagaz eta ohiturekin bat eginez.
Zapatu honetan [urriak 5] XV. Euskal Jaia ospatuko da Gernika-Lumon. Euskal ohitura eta kulturarekin kaleratzea helburu duen jaiak, beste behin, musika oso presente izango du, kantagune desberdinei esker. Urdaibai Kantaguneko kideek ohitura honen transmizioan jarri nahi izan dute fokua: “Urte gehiago ditugunok gazteei transmititu behar dizkiegu euskararekiko eta euskal kulturarekiko ditugun ohiturak. Guk behin hartu genuen zaharragoen lekukoa, eta orain beste batzuei tokatzen zaie”.
Musikaren bidez, kirolaren bidez edota ekintza desberdinen bitartez euskararekin bat egitea du kutsu egunak, “gure hizkuntza ez desagertzeko”. Ideia argia da, ez ordea, moduak eraldatu eta eguneratu behar direla adierazi dute kantagunetik, bide batez “egungo beharrizan eta gizartera” birmoldatuz, eta horiekin bat eginez.
Hamasei kantagune gerturatuko dira zapatuan Gernika-Lumora: “Gernika-Lumotik bi talde izango gara, baina kanpotik ere etorriko dira. Iparraldetik bi, Gipuzkoatik bost, Bizkaiatik beste bost, Arabatik bat eta urtero gurekin izaten den bikote nafarra ere etorriko da”. Hala, urrundik datozenen esfortzua nabarmendu nahi izan dute, batez ere Baigorritik datozenak goraipatuz. Izan ere, esan dutenez, hain urrundik etorrita ere azken hiru urteetan “ez dira inoiz faltatu”, eta “13 bat lagun” hurbiltzen dira, gainera. Errigoitiko sustraiak dituzte taldekide batzuek, eta horri lotuta etortzen dira.
Jai egunaz gozatzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako, goizetik hasi eta arratsaldera arte, giro herrikoia sustatuz. Hainbat ekintza uztartuz, adin guztietako jendearentzat tokia izango da Gernika-Lumon. Azoka, kirola, jan-edana, haurrentzako jolasak eta euskal dantzen erakustaldiak izango dira, besteak beste. Bazkarian ere jendetza biltzea espero dela adierazi dute, kantagunetik soilik ia 400 lagunek eman baitute izena jada. “Jada ez dago tokirik, kultur etxean edo tabernetan txartelak erosi ezean. Gure bitartez erreserbatutakoak agortuta daude”, aitortu dute.
Parte hartzea “oso garrantzitsua” dela adierazi dute, gainera: “Eredua aldatu nahi dugu, eta horretarako jende gaztea hurbiltzea berebizikoa da, ez da zaharren jai bat soilik eta, beraz, beraien parte hartzea beharrezkoa da”. Denen artean antolatu behar dela eman dute aditzera, jaia eta eguna arrakastatsua izan dadin.