Bueltan da Ajuriako urriko barikuetako hitzordua
III. Pilota Goxua Txapelketa jokatuko dute Ajurian, barikuro, urriaren 4tik 25era bitartean.
Duela urte bi sortu zenez geroztik, Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa eskualdeko nahiz inguruetako pilotazaleen intereseko hitzordu bihurtu da. Finkatuta eta sendo, aurten lehiaketaren hirugarren aldia egingo dute. Barikuro egongo da pilota ikuskizuna Ajuriako pilotalekuan, urriaren 4a eta 25a artean, Dringili-drangolo auzo elkarteak antolatuta eta Muxikako Udalaren babesagaz. Neurketak 19:00retan hasiko direla aurreratu dute antolatzaileek.
Hirugarren ekitaldiak, joandakoek bezalaxe, ahaztezina izateko osagai denak ditu, azaldu dutenaren arabera: “Pilotariak prest daude; baita auzotarrak ere; ikusleak, beste horrenbeste. Beraz, txapelketa ederraz gozatzea eta maila handiko partiduak ikustea espero dugu”. Era berean, zerura begira egon beharko dira urrian. Izan ere, Ajuriako frontoiak “kalteak” jasaten ditu, euri asko egiten duenero; hori horrela, antolakuntzatik iragarri dute, euriak kantxa kaltetuz gero, partiduak Muxikako udal pilotalekuan jokatuko liratekeela.
Iazko bikote garailea, Azkaraik eta Bidaburuk osatutakoa, izango da aurtengo faborito nagusia. Txapela defendatzea egokituko zaie iaz finalean garaitu zituzten Gandiaga Anaien aurka. Edozelan ere, antolatzaileek azpimarratu dute, tankerako txapelketetan, “ez dagoela inor kanpo uzterik“. Aipatutako bi bikoteez gain, beste sei ariko dira zein baino zein gehiago Ajurian: Peru-Perea, Artxo-Muniozguren, Latxiondo-Muxike, Enbeita-Garro, Xabat-Xabi eta, azkenik, Gotzon-Arkaitz.
Gaztetxoenei plaza.
Hilaren 25ean, final egunean, antolakuntzak umeen partiduak egitea du buruan: “Etorkizunera begira, ederra litzateke gaztetxoak ere txapelketan sartzea, eta beraien partiduak antolatzea ere esku artean dugun zer edo zer da. Apurka-apurka egin gura dugu hori eta aurten, beraz, finalaren eguneko partidura mugatuko gara”. Horrez gain, nabarmendu dute, kirola ez ezik, jai aldartea ere egongo dela: “Pilotaren eta giro herrikoiaren zaleei Ajuriara bertaratzeko deialdia luzatu gura diegu, elementu horiek biak ederto uztartzen baititu txapelketak”.