Areilza eta Doniene kaleetan irisgarritasuna bermatzeko obrak egingo dira
Bermeoko Alde Zaharra biziberritu eta gune erakargarri bihurtu nahian, Areilza eta Doniene kaleetan obrak egingo direla eman du aditzera Udalak.
Bermeoko Alde Zaharreko Edertze eta Berreskurapen Planaren barruan beste pauso bat emango dela adierazi du Bermeoko Udalak, eta horrela, Nekazari eta Intxausti kaleetako berrikuntzak amaitu diren honetan, Areilza eta Doniene kaleak berriztuko dira. Berrikuntza horien artean hurrengoak egongo dira: kaleen itxura berritzea, lanak errazteko gunearen garbiketa eta beraz, herritarren bizi-kalitatea hobetzea lanen bidez.
Areilza kalean ekin diote jada berritze lanei, eta horiek bukatzean ekingo diote Doniene kalekoei. Horiek hasteko datak oraindik “zehazteke” daudela adierazi dute: “Doniene kaleko berrikuntzak hastean, kalea zirkulaziora itxi beharko da, baina oraindik data zehazteke dago”. Lan guztiak egin eta amaitzeko epea bi hilabetekoa izatea aurreikusi du Bermeoko Udalak, nahiz eta eguraldiaren arabera luzatu daitezkeen.
“Bi kale horietan, errepidea eta espaloia, altuera edo maila berean jarriko dira, irisgarritasuna bermatzeko. Gainera, euri-urak hartzeko granitozko “V“ formadun pieza berezi bat jarriko da. Horrez gain, ahal den neurrian, zerbitzu-sarea lurperatuko da. Batez ere, hornidura elektrikoaren, telekomunikazioen eta argiteriaren sareak; hala eta guztiz ere, kontuan hartu beharko da toki bakoitzaren egitura fisikoa, azpiegiturak lurperatzeko aukerak aztertzean”, argitu dute, lan horreen informazio tekniko eta aurrekontua ere erakustaraztearekin batera. Hala nola, egokitzapen lanak OHNER INNOVACION enpresak egingo ditu, 165.223,08eurotan. Aipatu bezala, berrikuntza horiek “Bermeoko Alde Zaharreko Edertze eta Berreskurapen Planaren barnean” daude. Bermeoko Udalak aldez aurretik barkamenak eskatu nahi ditu, “lanak iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenengatik“.