Lumoko Kronoigoerak errekor berria du
Ugaitz Arrieta eta Tamara Pinto nagusitu dira V. Lumoko Kronoigoeran. Arrietak orain arteko denbora hobetu du, 04.10eko erregistroagaz.
Ugaitz Arrietak nagusitasun osoz irabazi zuen iragan zapatuan [irailak 28] V. Lumoko Kronoigoera. Urtebetez egin barik egon ondoren, indartsu bueltatu da Gernikako Pasealekua eta Lumoko plaza lotzen dituen txirrindulari proba herrikoia, Aixerrotape Zikloturista Elkarteak antolatuta. Gaztetxoen eta nagusien probak lehiatu zituzten. Lehendabizikoak bizikletaren eguneroko erabilera sustatzea izan zuen helburu, lehiaren gainetik; edozelan ere, Bizkaiko Txirrindularitz Federazioaren Ausartak Koparako puntuagarria izan zen. Gazteenek lanak burututa, nagusien txanda iritsi zen, 18:00retan.
Banaka aterata, 1,6 kilometro eta %8ko batez besteko aldapa dituen ibilbidea egin behar izan zuten parte hartzaileek. 40 inguru aurkeztu ziren irteerara, eta antolatzaileek “denetariko profilak” nabarmendu zituzte: “Batetik, bazeuden igoera ahal bezainbeste lehiatzera bertaratutakoak; bestetik, bizikleta egun batez gozatzea beste helbururik ez zeukatenak ere bai”. Ekaitz Lejarzegik zeukan, zapatura arte, probaren errekorra; ajangiztarrarena 04.20ko denbora zen. Arrietak, baina, marka hori bota zuen, eta nagusitasun osoa erakutsi Lumorako maldetan. Abiadura sentsazio handiagaz eta distantzia horreta aldea egin dezakeen lurzoru lehorra lagun, Arrietak hegan egin zuen gurpil bien gainean: 04.10ean gelditu zuen kronoa.
Garailea ez zen, dena dela, erregistro onenen bueltan ibili zen txirrindulari bakarra: “Lehen bost postuetan sailkatu zirenek errekor denboran edo harengandik hurre ibiltzeko maila dutela frogatu zuten”. Podiuma Ibon Urberuaga munitibartarrak eta Ander Irabazal gernika-lumotarrak osatu zuten, hurrenkeraz. Urberuagak Lejarzegiren denbora berberean borobildu zituen lanak; Irazabalek segundo bat gehiago behar izan zuen, erlojua 04.21ean geldituz.
Ondoren helmugaratu ziren bi parte hartzaileek ere bost minutuen mugarria alde esanguratsuagaz jaitsi zuten: Asier Urionabarrenetxea bermeotarrak 04.43koa ezarri zuen, eta Jon Ortiz de Vallejuelok, berriz, 04.47koa. Emakumezkoen artean, Garazi Kortak ezarritako sei minutuen langa urrun samar geratu zitzaien zapatuko partaideei: Tamara Pinto garaileak 06.57ko denbora txukuna sinatu zuen; bigarren sailkatu Jone Aretxabalak, 07.33koa; podiuma osatu zuen Maria Victoria Aretxederretak, ostera, 08.03koa.
Ekitaldi hunkigarria.
Lumoko Kronoigoera Autorik Gabeko Egunaren inguruan prestatutako ekimen sortaren barruan kokatuta dago. Aixerrotapeko lantaldeaz gain, egunotan eskualdeko beste hainbat eragilek ere denetariko ekimenak egin dituzte Busturialdean. Esaterako, Urretxindorra herri eskolako komunitateak data berezi hori Gernika-Lumo eta Muxika bitarteko bidegorria aldarrikatzeko baliatu du. Inguruko txirrindulari elkarteek eta Ekoetxea Urdaibaik, gainera, familientzako bizikleta ibilaldiak antolatu dituzte, bizikletaren erabilera jasangarria eta osasuntsua sustatze aldera.
Isidro Rodriguez ‘Maisu’ omendu zuten Pasealekuan; bere emazte eta alabak lore sorte eta txalo zaparrada jaso zituzten
Zapatuko kronoigoeran, bestalde, oroimen eta elkartasun ariketa ederra ere egin zuten. Hain zuzen ere, 2022an zendutako Isidro Rodriguez Maisu omendu zuten. Rodriguezen emazteak eta alabak lore sorta eta txalo zaparrada jaso zituzten Pasealekuan. Izan ere, Rodriguez txirrindularitzaren bultzatzaile eta ekintzaile sutsua izan da urteak joan, urteak etorri: “Aixerrotapegaz, Gernikesa Txirrindulari Elkarteagaz eta bestelako hamaikatxo eragilegaz lan egin izan du, betiere irabazi asmo barik eta erabateko ekintzailetasunez. Beraz, bai hark, bai bere familiak merezitako omenaldia jaso zuten”.