Lointek Gernika, Euskal Kopako txapeldun
Euskal Kopako bi partidak irabazita, bi urte eta gero txapeldun izendatu dira gernika-lumotarrak. Zapatuan [urriak 5] hasiko dute liga Ensinoren aurka, Malosten.
Lointek Gernika Bizkaiak indartsu hasi du denboraldia. Denboraldiaurrean bost partidetatik lau irabazi eta gero, Euskal Kopa irabazi zuen Beasainen. Eguenean [irailak 26] Araski nagusitasunez mendean hartu eta gero, barikuan [irailak 27] IDKri irabazita lortu zuten garaikurra. Zapatuan [urriak 5] 18:30ean hasiko dute liga Ensinoren aurka, Malosten.
Ezin hobeto helduko dira liga hasierara. Barikuan gainera arantza atera zuten. Irailaren 21ean Donostin luzapenean galdu ostean, partidarik garrantzitsuenean garaipena eskuratu zuten. Nekea ez zen aitzakia izan, 24 ordutan bi partida jokatu behar izan zituzten, ezta lesioak ere, Maya Dodsonek, Ane Olaetak eta Marta Alberdik min hartuta ez zuten jokatu.
Hori bai, zerikusi gutxi izan zuten IDKren aurkako bi partiduek. Beasaingoan puntu askoz gehiago izan ziren. Hasiera berdindua izan bazen ere, bigarren laurdenean Taylor Mikesellen eskutik Lointek Gernika Bizkaiak 6-8 puntu tartea zabaldu zuen markagailuan. Defentsako lan onari esker Lucas Fernandezen jokalariek lortutako abantaila kudeatzeko gaitasuna erakutsi zuten. Horrez gain, Irati Etxarrik eta Itziar Ariztimuñok haien esperientzia baliatu zuten saskiraketa garrantzitsuak lortzeko.
Fernandez entrenatzaileak Euskal Kopako balorazio “oso positiboa” egin du: “Bi talde desberdineri aurre agiteko gai izan gara, betiere gure estiloa galdu barik. Batez ere garrantzitsua da orain arteko lanak emaitza onak ekarri dituela eta jokalariek ulertu dutela bakoitzaren talentua taldearen mesedetan jarri behar dutela”.