Alaine Agirre bermeotarrak irabazi du Lizardi Saria
'Euri eta ateri' lanari esker jaso du Agirrek saria. Epaimahaiak bermeotarraren umorea eta ironia, erritmo bizia eta hizkuntza maila "paregabea" goraipatu ditu. Lan irabazlea 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko dute, Zarautzen.
Euri eta ateri lanari esker irabazi du Alaine Agirre Garmendia idazle bermeotarrak Lizardi Saria, haur eta gazte literatur lehiaketaren 43. aldian. Horrenbestez, bigarrenez jaso du sari hori, 2015ean Hau ez da zoo bat liburuagaz gailendu ostean.
Agirrek 2013an argitaratu zuen bere lehen lana haur eta gazte literaturan, eta, geroztik, hainbat sari jaso ditu aipatutako Lizardi sariez gain; hala nola, Zilarrezko Euskaldi Saria 2015ean (X hil da), Lazarillo Saria 2016an (Martin) eta Joseba Jaka Saria 2017an (Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama).
Lizardi Sariak Yolanda Arrieta eta Nerea Loiola idazleak eta Amaia Serrano EHUko irakaslea izan ditu epaimahai, eta irakurlea “lehen esalditik harrapatzen” duen lana dela nabarmendu dute: “Narrazioak egoerak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona agertzen du, dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe”.
Bermeotarrak darabilen hizkuntza maila “paregabea” ere azpimarratu dute, baita obrak daukan erritmo bizia ere: “Literatura darie bertako onomatopeia, hitz joko zein egoera surrealistei. Erritmo bizia du kontakizunak, eta narratzaileak aisa darama irakurlea bizipen batetik bestera, saltoka eta itzulipurdika, etnik gabeko jolasean”. Nabarmendu dute idazlearen estiloak “arindu” egiten duela pertsonaiak bizi duen zama, eta arnasa horrek testua irribarrez irakurtzera bultzatzen duela, “hasieratik amaieraraino”.
Arrietak, Loiolak eta Serranok uste dute Euri eta ateri lanak erakusten dituen geruzek “haur literaturari dagozkion duintasuna eta maila gorena” agerian uzten dutela.
Idazleak 5.500 euroko saria jasoko du, eta idazleak liburua ilustratzeko aukeratutako ilustratzailearen lana 1.000 eurogaz lagunduko du Zarauzko Udalak. Agirrek 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko du bere lana Zarautzen, saria emateko ekitaldian.