San Fermin kolorez bete dute Mendata
San Migel jaietako ospakizunetan bete-betean sartuta daude mendatarrak eta San Ferminetako jantziak soinean atera dira kalera, egitarau zabalaz gozatzeko prest.
San Migel jaietan bete-betean murgilduta daude Mendatan. Atzo arratsaldean ekin zioten ospakizunei tortilla txapelketagaz, baina gaur [irailak 28], jaietako egun handia ospatzen dabiltza mendatarrak. Iaz zirkua izan zuten festarako gai, aurten berriz San Migel bezperan San Fermin izan dute erdigunean.
Korrikalariak, zezenak, abeltzainak, toreatzaileak eta San Fermin bera, inork ez du Mendatako entzierroa galdu gura izan. Herritarrek arropa zuriz jantzita, gerriko gorria estu lotuta, egunkaria eskuan eta lepoan zapia jarrita dutela ekin diote Mendaturirainoko bideari. Iruñako Santo Domingo korta barik, Eleixalde auzoa izan dute abiapuntu, eta Bermeoko buruhandi eta erraldoien konpartsakoekin eta Ardoa Barrura txarangakoekin batera egin dute ibilaldia.
Tarteka euria egin badu ere, ezerk ez du mendatarren jaia eten. Eliza parean egin dute ibilbideko lehen geldialdia, San Fermini bere kantu ezaguna abestuz babesa eta eguraldi ona eskatzeko. Bidean zehar egindako beste geldialdietan erraldoiek dantza emanaldiak eskaini dituzte, eta entzierroko korrikalariak edalontziak bete eta indarrak berreskuratzeko aprobetxatu dute.
Mendaturira ailegatzeagaz batera euritakoak atera behar izan dituzte herritarrek, baina festarako gogotsu, estalki azpian bildu dira jan-edanaz gozatzeko. Orduantxe agertu da entzierro orotako protagonista: zezen suharra. Mendaturiko Bolotegia inprobisatutako zezen-plaza bihurtu da.
Entzierroa eta zezen toreaketa amaitutakoan, herrigunera itzuli dira, eta frontoia bete dute herri bazkarirako. Hala ere, ikuskizunak ez du etenik, eta herri bazkariaren ostean, Josepa Kale Kale eta Obieta aita semeaken emanaldiagaz gozatuko dute. Gainera, ausartenek zezen mekanikoan aritzeko aukera ere izango dute.
Jai giroa da nagusi Mendatan, eta horri eutsi nahiko diote gau guztian zehar. 21:00etan su artifiziak ikusi eta gero, Kuter taldearen eta Akerbeltz erromeriaren kontzertuetan bilduko dira herritarrak. Festa, gaurkoz, DJ Matxing-en emanaldiagaz amaituko badute ere, bihar ere kalera irten eta egitarauak eskaintzen dituen ekintzetan parte hartzeko prest agertu dira mendatarrak.