Pauso bat gehiago Euskal Kopan
84-64 gailendu zen Lointek Gernika Bizkaia Kutxabank Araskiren aurka, Euskal Kopa irabazteko lehen pausoa emanez. Gaur IDK Euskotrenen aurka izango dute bigarren norgehiagoka, 19:00etan Beasainen.
Atzo eman zitzaion hasiera Euskal Kopari Beasaingo Antzizar kiroldegian, Lointek Gernika Bizkaia eta Kutxabank Araskiren arteko partidarekin. Aurredenboraldiari amaiera ematen dion eta euskal taldeentzat hain esanguratsua den lehian, gernika-lumotarrak hasieratik gailendu ziren markagailuan, gasteiztarrei uneoro 10 puntu baino gehiagoko aldea aterata, eta 84-64ko azken emaitza lortuz. Lucas Fernandez pozik agertu da taldeak egindako lanarekin: “Lehiaketa honek gure denboraldirako errendimendua hobetzen laguntzeko balio digula ulertuta, taldearen errendimendua ona izan dela uste dut”. Izan ere, partidaren hasiera “oso ona” izan zutela adierazi du, gustuko duten jokoa aurkituz eta jariotasuna nabarmenduz.
Barne-jokoa bilatzen hasi ziren Fernandezenak, baina Itziar Ariztimuño Lointek Gernika Bizkaiako joku antolatzaileak aipatu duenez, “haiek atzean sartuta zeuden”, eta beraz, gernika-lumotarrek “oso konstanteak izateko beharra” izan zuten. “Taldeak defentsan sendotasuna izan zuen”, berretsi du entrenatzaileak, eta beraien bidea hori dela adierazi ere egin zuen: “Fokua ondo jokatzean jarri eta dakizkigun gauzak egin behar ditugu. Oraindik taldea eratze prozesuan dago, baina bide onetik goaz”.
Gaur, IDK Euskotrenen aurka dute Euskal Kopako bigarren norgehiagoka. 2 partida 48 ordutan. Egungo Euskal Kopako irabazleak izango dituzte aurkari gaur, gainera. Ariztimuñok taldea irabazteko oso gai ikusten du, eta era berean taldearen esfortzua goraipatu du: “Nahiz eta akatsen bat zein beste izan, uste dut atzo partida osoan ondo egon ginela. Gaur ere kontzentratuta eta atzoko intentsitate berberarekin atera behar gara”. Fernandez bere joku antolatzailearen hitzetan berretsi da, eta taldea “hain denbora gutxian bi partidu jokatzera nola egokitzen den” ikusi nahi duela eman du aditzera.
Joan den astean ikusi zuten elkar bizkaitarrek eta gipuzkoarrek, partidu oso berdintsu bat utziz. “Jokalari oso onak” dituztela aitortu du Ariztimuñok, baina Fernandezek argi du: “Lehiakorrak izateko gogoarekin aterako da taldea gaur, atzoko akatsak hobetzean fokua jarriz eta gure jokuan zuzenduz”. Horrela, Lointek Gernika Bizkaiak gaur du hitzordua 19:00etan, Beasaingo Antzizar kiroldegian, Euskal Kopa irabazteko beste pauso bat emateko.