Denetariko ekintzekin datoz sanmigelak
Udatik udazkenerako saltoa eman arren, jaiek eta ospakizun giroak ez dute etenik Busturialdean. Izan ere, udazkeneko lehen egunetan, San Migel jaiak ospatzen dituzte Ereñon, Mendatan, Bermeoko San Migel auzoan, Busturiko Altamira auzoan eta Amoroton. Lehenengo bietan, gainera, herriko jai nagusiak dira sanmigelak. Aurten ere, herritar guztien gustuetara egokitu dituzte egitarauak; hala, besteren artean, mozorro desfilean, karta jokoan, musika emanaldietan edota gastronomia lehiaketetan bilduko dira herritarrak.
Aurton San Migel eguna domekan izan arren, denetariko ekintzak egongo dira Mendatan gaurtik aurrera. Gaur, tortilla txapelketa zein mus txapelketa lehiatuko dituzte, eta norena den tortillarik gozoena eta zein den karta jokoan abilena erakutsiko dute mendatarrek.
Hala, baina, zapatukoa izango da egun handia herrian. Iaz zirkuko pertsonaiez bete zen herria, eta aurten San Fermin kolorez jantziko dute. Photocallean argazkiak atara ostean, Elexadetik Mendaturira joango dira zezen, korrikalari, dantzari zein San Ferminetako mozkorrak, Bermeoko buruhandiak eta erraldoien konpartsakoekin batera, eurek musikatuko baitute ibilbidea. Ezustekoen ostean, frontoira itzuliko dira herri bazkarian batzeko.
Josepa Kale-Kale eta Obieta aita-semeena izango da arratsaldea girotzeko ardura, eta ostean, zezen mekanikoak eta su artifizialek emango diete lekukoa kontzertuei: Kuter eta Akerbeltz erromeria igoko dira oholtzara.
Domekan, herri kirol saioak eta makailao janak beteko dute goizeko egitaraua, eta arrataldean, briska txapelketaz gain, egurrezko jolas tradizionaletan trebatzeko aukera izango dute gaztetxoenek.
Ereñon, makailaoa zein pintxoak dastatzeko aukera egongo da gaur, eta paella usainak hartuko du herria bihar. Izan ere, paella txapelketa prestatu dute. Arratsalderako, ohiturari jarraituz, Atxur-Urkulie jaurtiketa ere egingo dute aurten ere, eta Dj Koetek jarriko dio doinua egunari.
Etzi, Gernika-Lumoko Andra Mari korala eta Madrilgo AlMayrit korala elkartuko dira elizan, eta pintxo dastaketa egingo dute ostean.
Hurrengo domekan, Ereñozarrera 39. Igoera egingo dute. Bertan egongo dira eskualdeko korrikalaririk trbeenak, baita inguruaz gozatu gura dutenak ere.
Auzoetan ere, jai.
Bermeoko San Migel auzoan ere goi-goitik ospatuko dituzte jaiak gaurtik astelehenera bitartean. Mikeltarrak jai batzordeak antolatu eta udalak laguntzen dituen jaiek denetarik izango dute. Gaur musean aritu ostean, bihar herri kiroletan trebatzeko aukera izango dute, baita tortilla lehiaketan parte hartzekoa ere. Lehiaketako sariak banatu ostean, Gauargi erromeriaren dezibelek girotuko dute iluntzea, eta festari amaiera borobila emateko karaokean kantatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Domekan girorik ez da faltako herrian. Kanta kanta loruekoak auzora bertaratuko dira, auzoa kantuan jartzeko. Ostean, auzotarren bazkaria egingo dute bertan. Bizilagunek astelehenean agurtuko dituzte festak, San Jeronimo egunean, mezaren osteko kinitoagaz.
Busturiko Altamiran, bihar hasiko dira domekarako motorrak berotzen. Esku pilota partiduen ostean kantu kantari ibiliko dira tabernaz taberna busturiarrak, eta Erreten taldearen doinuez gozatzeko aukera ere edukiko dute. Domekan, baina, santuaren egunean, kalijiran aterako dira, eta Irrintzi Alai dantza taldearen dantzaldiaz gozatzeko aukera izango dute plazan. Gero, herri kirol erakustaldia egongo da, eta bertsolariek agurtuko dituzte jaiak, kultur etxean.