"Kirola, lagunak eta giro ona" gazte eta nagusientzat
V. Lumora Kronoigoera zapatu honetan [irailak 28] bueltan da, 1,62km-ko luzera eta %8ko batazbesteko aldaparekin.
Aixerrotape Zikloturista Elkarteak antolatuta, V. Lumora Kronoigoera lehiatuko dute bihar. Gernika-Lumoko Pasealekutik abiatu, eta Lumoko plazan edukiko dute helmuga. Antolatzaileek gogoratu bezala, 1.62km-ko luzera eta %8ko batezbesteko aldapa izango du ibilbideak, ibilbide «laburra baina gogortxoa» izanik. 25 txirrindularik izena eman dute jada, eta «50 pertsona inguruk parte hartzea» espero dute.
«Urtero legez, bi proba izango dira: gaztetxoen lasterketa, batetik, eta Bizkaiko Federazioarekin elkarlanean antolatutako herri lasterketa edo nagusiena, bestetik. Gaztetxoena 16:00etan hasiko da, eta nagusiena 18:00etan», nabarmendu dute Aixerrotapetik. Gaztetxoen froga Bizkaiko Txirrindularien Federazioaren Ausarten Koparako puntuagarria izango da. Aurten, gainera, berezitasun modura, kronoigoeraz gain, omenaldia ere egingo dela adierazi dute: «Joan zen urtean joan zitzaigun gure bazkide eta lagun Isidro Rodriguez Maisu-ri omenaldi bat egingo diogu».
Aurreko urteetako errekorrak ere gogoratu dituzte, gizonezko mailan Ekaitz Lejarzegiren izena aipatuz, 4,20ko denborarekin, eta emakumezkoetan, berriz, Garazi Korta aipatuz, 6,06ko denborarekin. Kronoigoeraren azken edizioan (2022), gainera, Xabier Aransolok irabazi zuela ere azpimarratu dute–bere denbora 4,23koa izan zen–.
Bestalde, urte honetako sariak «herritik lortutakoak» izango direla azaldu dute, eta horien artean «bazkariak eta Gernika-Lumoko bizikleta dendek emandakoak» nabarmendu dituzte.
Autorik Gabeko Eguna. Beste behin, Aixerrotape Zikloturista Elkarteak Autorik Gabeko Egunarekin bat egin du eta, nahiz eta orain arte kronoigoerarekin batera ginkana edo martxa txikia bezalako familiarteko ekintzak ere antolatu dituzten, aurten beste modu batera egin dute bat ekimen horregaz.
Hain zuzen ere, joan den domekan [irailak 22], Autorik Gabeko Egunean, beste horrenbesteren artean, Aixerrotapek bere alea jarri zuen: Bermeoko Ziklistek, Aixerrotape Zikloturismo Elkarteak, Basati Bike-ek eta Ekoetxea Urdaibaik auzolanean antolatuta, ibilbide bi prestatu zituzten; batetik, Gernika-Lumotik Ekoetxera bitartekoa; helmuga bera izan zuen Bermeotik abiatutako martxak ere.