Familiako irakurketa klubean batuko dira eatarrak
6 eta 8 urte arteko umeentzako familiako irakurketa kluba antolatu dute Eako liburutegian, eta parte hartzeko izena eman behar da, barikua aurretik. Kluba hurrengo hiru hilabeteetako lehen eguaztenetan bilduko da.
6 eta 8 urte arteko umeentzako familiako irakurketa kluba antolatu dute Eako liburutegian, eta hurrengo hiru hilabeteetako lehenengo eguaztenean jarri dute hitzordua, 18:30etik 19:30ra bitartean; hala, saioak urriaren 2an, azaroaren 6an eta abenduaren 4an izango dira. Irakurketa klubean parte hartzeko, baina, izena eman behar da, eta hori egiteko azken eguna da etzikoa (irailak 27).
Irakurketa sustatzeko ekimena da honakoa, umeek guraso banarekin parte har dezaketena. Helburu nagusia irakurketaz eta literaturaz gozatzea izango da, baina bide horretan, gurasoen ezinbesteko parte hartzea bilatuko da. Izan ere, antolatzaileen berbetan, gurasoak dira testuen eta haurren arteko bitartekari nagusiak.
Hala, saioetan, gurasoei eskainiko dizkiete euren seme-alabekin literaturaz gozatzeko eta hori partekatzeko baliabideak: bibliografia egokia ezagutzea, irakurtzeko espazioa eta denbora zelan sortu jakitea, eta transmisiorako hainbat teknika eurenganatzea.
Ondorioz, arduradunek irakurzaletasuna sustatzea, kalitatezko euskal bibliogradia ezagutaraztea, guraso edo hezitzaileen eta haurren arteko irakurketa gira sortzea, gurasoak eta hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatzea, haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortzea eta haur zein gurasoengan liburutegira joateko ohitura sustatzea.