Biolentzia matxistari "erakunde mailatik" erantzuteko
Mundakako udal gobernu taldea pertsona salerosketaren eta sexu esplotazioaren aurka bildu da. Era berean, bat egin du, Bilboko hilketa matxistaren kontrako jarrera azaltzeko.
Mundakako udal gobernu taldea, herritarrekin bat eginda, elkartu egin da Sexu Esplotazioaren eta Emakume Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunean [irailak 23]. Adierazpen instituzional horregaz, Mundakako Udalak beste urrats bat egin du “berdintasunaren bidean”. Emakumezkoen kontrako edozein biolentzia motari udal mailatik gaitzespena erakutsi asmoz, gainera, azkenengo osoko bilkuran hartutako erabaki instituzionalak aditzera eman zituzten.
Udal modura, nabarmendu egin gura dute emakumeenganako indarkeria botere harremanetan oinarritzen dela: “Harreman horiek, maila sinbolikoan zein materialean, gizonezkoak emakumezkoen gainetik ipintzen dituzte, eta helburu du emakumezkoak gizonezkoen aurrean menpekotasun egoeran bizi daitezela”. Bilbon berriki gertatutako hilketa matxista eredu harturik, bai hilketa horrekiko, bai gainontzeko jazarpen egoerekiko “gaitzespen sakona” plazaratu du udal taldeak, hori pairatzen duen orori “babes eta elkartasun osoa” eskainiz.
Herri mailan pareko egoerei aurre egiteko nahiz egoera horiek ekiditeko, “erakunde mailako erantzuna hobetzeko” hautua ere hartu dute: “Emakumeen aurkako indarkeriaren legediak ezarritako betebeharrak herri eremuan beteko direla bermatu nahi dugu”. Horrez gain, mundakar biztanleria guztiari deialdia luzatu diote: “Mundakako herritarrei dei egiten diegu, estereotipo sexistetan oinarritutako eredu kulturala aldatzen laguntzeko, baita indarkeria matxista gaitzesten jarraitzeko eta hori jasaten duten emakumeei babesa emateko ere.