Bideak sarea, sareak lotura
Ondarearen Europako Jardunaldiek 200 ekitaldiz beteko dute Bizkaia, tartean Busturialdea. Arratzun, Bermeon, Busturian, Ereñon, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Kortezubin eta Mundakan egongo dira ekintzak aukeran.
Bide, sare eta loturen ondarean jarriko dute fokua aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiek. 24. edizioa da, eta, ibilbideen, bisiten, tailerren eta hitzaldien bidez, tokiko ondarea berrezagutzeko aukera izango dute bizkaitarrek. Izan ere, 100 erakunde eta kultur eragilek prestatutako 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira aukeran 72 udalerritan, urrian. Jarduera guztiak doakoak dira eta askok aldez aurretik erreserba egitea eskatzen dute.
Ondarearen Europako Jardunaldiek gizartea sentsibilizatu nahi dute kultur ondarea ezagutzeak, balioan jartzeak eta babesteak duen garrantziaz, eta hori ikusmolde desberdinekin eta askotariko jarduerekin bilatuko dute. Ze, zehatz esateko, aurtengo egitarauak bisita gidatuak, ibilbideak, erakusketa, hitzaldiak, kontzertuak, dokumentalak, tailerrak eta hezkuntza jarduerak biltzen ditu; gehienak oinez egitekoak izango dira.
Bideek sareak eraikitzen dituzte, eta horiek auzoen, herrien edo pertsonen arteko loturak ezarri, ondareari leku eginez. Bide batzuk mendeetan iraun dute, eta funtsezkoak dira tokiko komunitateen oparotasunerako. Gaur egun, ibilbide horietako asko bidezidor gisa biziberritu dira, paisaia kulturalaren konfigurazioan duten garrantzia gogoraraziz. Hala, bide eta galtzada zaharretan zehar, baserriak, zubiak, ermitak, errotak edo burdinolak ezagutuko dituzte parte hartzaileek; tartean, Ziortza Bolibarren, Usanditik Gorriñozera doan bidea bisitatu eta ezagutuko dute, hori berreskuratzeko. Kortezubin ere, Omara auzotik bisita gidatua egingo dute, gunearen garrantzia eta historia ezagutzeko.
Musika ere egitarauaren parte izango da, kontzertu didaktikoekin, hala nola, Musikenek antolatuta, Buenaventura Zapirain konpositore lekeitiarraren irudiari eta Lekeitioko musika-bizitzan izan zuen eraginari buruzko hitzaldia egongo da aukeran.
Ondarearen Europako Jardunaldien edizio hau 100 erakunde baino gehiagoren lankidetza aktiboari esker aurrera eroan daiteke, eta ahalegin kolektibo horrek lankidetza sare sendoa eratu duela azpimarratu dute aldundiko koordinatzaileek, “Bizkaia erreferentziazko ondare erkidego gisa sendotuz, eta Europaren onespena jasoz”.