Astra kulturguneak Euleuk jaia hartuko du bigarrenez
Zapatuan [irailak 28], Euleuk elkarteak borroka senegaldarraren aldeko jaia antolatu du, Astran, senegaldarren "ohiturak eta kultura ezagutzeko" helburupean.
Bigarrenez antolatu du Euleuk elkarteak Euleuk jai “erraldoia”. Gernika-Lumoko Astra kulturgunean ospatuko da, zapatu honetan [irailak 28]. Horretarako, goizetik hasi eta egun osoko egitaraua prestatu dute, hitzaldiak, dantzak, bazkaria eta beste hainbat ekintza uztartuz, beti ere “borroka senegaldarraren alde“. Jai hau antolatzearen helburua argi dute elkarteko kideek: “Batez ere, senegaldarrekin egun bat pasatzea da helburua, beraien ohiturak eta kultura ezagutuz eta horretan murgilduz. Beste alde batetik, guk Euleuk elkartean egiten ditugun egitasmoak jende gehiagorengana helaraztea ere badu jomuga jaiak, horrela guztion artean proiektuari ideiak gehituz eta bide batez, egun polit bat pasatuz”.
Euleuk elkarteak Senegalko jendearekin lan egiten du, herrialde bat ezagutzeko kultur murgiltze ona eta bertako jendearekin harremanak izatea oso garrantzitsua baita beraientzat. Produktu saltzearen eta boluntarioen lanaren bitartez eman ohi diote Senegali babesa. Senegaldarrei esker funtzionatzen du Euleuk elkarteak gaur egun, izan ere, premia larrien berri ematen die etengabe, batez ere, “emakumearen emantzipazioan, hezkuntzan eta osasunean” oinarrituz.
Beste behin, Astra kulturgunea izango du eszenatoki jaiak. 11:00tan hasiera eman eta 18:00etan kontzertuekin bukatuko da nolabait Euskal Herria eta Senegal batuko dituen jaia. Adierazi dutenez, igazko egitarau “oso antzekoa” prestatu dute aurten ere. Batik bat, hitzaldiak nork emango dituen eta gaiak aldatuz eta dantza mota desberdinak ekarriz. Egitaraua ikusirik, pare bat ekintza nabarmendu dituzte Euleuketik: “Uste dugu aurten egitarautik garrantzi edo pisu gehien izango duena hitzaldiak izango direla. Edy Figueiredok emango du honako honetan hitzaldia, eta jorratuko duen gaia ere indartsua da. Justizia sozialak lortzeko borrokak eta erronkak. Horrela, paperak lortzeko zailtasunak edota egunerokotasuneko arazoak bezalako gaiak landuko ditu, modu errazean ez datozela konturatzeko, adibidez”. Horrez gain, beraiek ere, elkarte bezala hitzaldia emango dute. Beraien proiektua aurkeztuko dute, aurreikusitako bidaia zein egitasmoak aurkeztuz: “Jendeari zertan gabiltzan eta zer lortu nahi dugun adierazteko antolatu dugu hau. Horren barnean, Euleuken lau egitasmo desberdin aurkeztuko ditugu, eta denon artean, iradokizunen bidez ideiak jasotzea eta gure proiektua osatzen laguntzea izango da horrekin lortu nahi duguna”. Horretarako toki bat ahalbidetzeko asmoa dutela aitordu dute, jendearen iradokizunak jasotzeko.
Hitzaldiez gain, beste hainbat ekintzaz ere gozatuko dute bertaratzen direnek. Musika eta dantza senegaldarrak edota bazkari senegaldarra dira horren ispilu, hurrenez hurren. Jendea animatzeko deia zabaldu dute Euleuk elkartetik, “egun polita” pasatzeko aukera izango delako, eta “beste kultura batzuk ezagutzeko eta gurekin bizi diren senegaldarrak” gehiago ezagutzeko kutsua emango delako, jai giroz jositako egunaz gozatzearekin batera.
Egitaraua
11:00. Hitzaldia Edy Figueiredoren eskutik.
12:00. Hitzaldia Euleuk: egitasmoak, bidaiak…
13:00. Dantza ikastaroak: Ane Lopez eta Ross dantza eskola.
15:00. Bazkari senegaldarra.
17:00. Borroka senegaldarra.
18:00. Kontzertuak.