Hamabi udal ikastarotan izena eman daiteke Muxika, Ibarruri eta Gorozikan
Etzira arte [irailak 26] eman daiteke izena Zubieta Errotan edota 'liburutegia.muxika@bizkaia.eus' helbide elektronikora mezua bidalita.
Ikasturte berrirako ikastaroen zerrendaren berri eman du Muxikako Udalak, eta izena emateko epea zabalik dago: etzira arte egin daiteke hori, Zubieta Errotan edo liburutegia@muxikakoudala.eus helbide elektronikora idatzita. Urriaren 1ean hasiko dira ikastaroak, eta hamabitan parte hartzeko aukera egongo da.
Kirol arloan, pilates, zumba, yoga eta gap ikastaroak egongo dira aukeran, baita nagusientzako postura arazoak, arnasketa edota zirkulazioa lantzeko seitai ikastaroa ere.
Pilatesen kasuan, bi saio egongo dira: eguazten eta barikuetan goizetan (11:00-11:50) eta astelehen eta eguaztenetan arratsaldetan (18:00-18:50). Zumba astelehenetan eta eguaztenetan (19:10-20:00) izango da, eta yoga martitzen eta eguenetan (18:30-20:00). Yogako saioaren aurretik gap-ean aritzeko aukera izango dute izena ematen dutenek, martitzen eta eguenetan, 17:30etik 18:20ra bitartean. Saio horiek guztiak Zubieta Errotan izango dira. Seitaien kasuan, aldiz, saioak Ariatza, Ibarruri eta Gorozikako nagusien batzar lekuetan egingo dituzte, eguaztenetan eta eguenetan.
Hizkuntzei dagokienez, euskarazko klaseak eskainiko ditu AEKk urritik ekainera Zubieta Errotan, martitzen eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara bitartean; ikastaroa aurrera eroatako, baina, gutxienez sei ikasle beharko dira. Euskaraz trebatzeko aukera eskaintzeaz gain, ingeleseko klaseak ere eskainiko dituzte ume eta gazteentzat; Zubieta Errotan izango dira, eta ordutegiak talde eta ume kopuruaren arabera zehaztuko dituztela jakinarazi dute, astelehenetik eguenera artean.
Hizkuntzak ikasteaz gain, haur eta gaztetxoentzako irakurketa saioak ere eskainiko dituzte aurten, letren harietatik jolasean ariko baitira Mireia Delgadogaz batera, liburutegian. Saio horiek, baina, egun zehatzetan eskainiko dituzte: azaroaren 4an, abenduaren 9an, urtarrilaren 27an eta otsailaren 24an. 10 umeko taldeak sortu beharko dira horretarako, bi adin tartetan banatuta: alde batetik, 4 eta 5 urteko umeak adin nagusi batekin joan beharko dira saioetara, 16:45etik 17:30era artean, eta, bestetik, 6 eta 8 urte bitartekoak 17:35etik 18:20era bilduko dira.
Aurten ere, trikitixa, pandero eta gitarra elektrikoari soinua ateratzeko musika ikastaroak egongo dira aukeran. Trikitixa ikastaroa eguaztenetan izango da, panderokoa martitzenetan eta gitarra elektrikokoa astelehenetan.
Umeentzako pintura eta marrazketa ikastaroa ere ez da faltako. Bi taldetan banatuko dituzte parte hartzaileak, adinaren arabera; 4 urtetik 7ra artekoak eta 8tik 12ra artekoak. Ikastaro hori barikuetan eskainiko dute, 16:30ean hasita txikienentzat eta 17:30ean hasita nagusiagoentzat. Eskulanak egiteko aukera ere egongo da Zubieta Errotan, astelehenetan 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Horiez gain, joskintzan trebatzeko aukera ere izango dute muxikarrek, eguenetan 18:00etatik 20:00etara artean.
Taldeak osatzeko gutxieneko kopurua zortzi pertsonakoa izango da, eta gehiengoa 15ekoa. Zehaztu dutenez, Muxika, Gorozika eta Ibarrurin erroldatutakoek izango dute lehentasuna.