Berhaz, 20. urteurrena ospatzear
Bermeoko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak barikuan [irailak 27] 20 urte beteko ditu, eta horren ibilbide zein hastapenak adierazi dituzte Miren Gabantxo, Nadia Nemeh eta Naiara Anasagastik.
Bariku honetan [irailak 27], Bermeoko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (Berhaz) 20. urteurrena ospatuko du, eta bulegoaren hogei urteetako ibilbidearen berri eman dute gaur eguerdian, Bermeoko Udaletxean. Miren Gabantxo Uriagereka Antolakuntza eta Teknologia Berrien zinegotziak aditzera eman duenez, 2004ko irailaren 27an ateak ireki zituenetik, “udal zerbitzuen kudeaketan erreferente” izan da Berhaz. “Bermeoko herritarren beharrei erantzuteko asmoz, Berhazek etengabe lan egin du arreta hurbil, eraginkor eta pertsonalizatua eskaintzeko”, gehitu du Gabantxok.
Hala nola, Naiara Anasagasti Meñaka Antolakuntza eta Teknologia Berriak Saileko teknikariak Berhazen hastapen eta oinarriak gogoratu ditu: “Bi urteko lan gogor eta eraginkor baten ondorioz, Berhaz bulegoak 2004ko irailaren 27an ireki zituen ateak. Ordura arte, eraikin batetik bestera, leihatila batetik bestera, ordutegi, aplikazio eta langile desberdinen bitartez, egiten zen lan guztia gune bakar batetik egiteko prestatu zen; egiteko moduak hobetu ziren, aplikazioen integrazio eta bateratze lanak exekutatu ziren, udaleko teknikari, langile eta ordezkari politikoekin bilera ugari burutu ziren, enpresa, hornitzaile eta kanpo eragileekin ere jardun zen, altzariak erosi, lan eskaintza bat bideratu eta urte bitako intentsitate handiko lan baten ondoren, lan ordu askoren fruitu, Berhaz bulegoa martxan jarri zen”. Mota honetako proiektuek erakunde baten funtzionamendua erabat aldatzen dutela esanez berretsi da, gainera, eta udaleko lan talde eta langileen lankidetza “ezinbestekotzat” duela adierazi du.
Bermeoko Udalean, Antolakuntza eta Teknologia Berriak Saila 2002an sortu zen, eta esku artean izan zuten lehen proiektua Lehiatila Bakarra martxan jartzearena izan zen. Herritarren arreta oso garrantzitsua da udalarentzat, eta horren ispilu dira Arreta Zerbitzuekiko etengabeko hobekuntza eta eguneraketak. 2003an Udal webgune berria publikatu zen, 2004ean, berriz, Berhaz bulegoak ateak zabaldu zituen, 2006an arreta telefonikoaren kudeaketa errazago eta onuragarriagoa bilatzeko, 010 zerbitzua jarri zen martxan eta azkenik, 2008/2009an arreta telematikoa jarri zen martxan, tramiteak online egiteko aukera zabalduz.
Anasagastik nabarmendu duenez, arreta bulego bat eraldaketa eta hobekuntza prozesuan dago etengabe, gizartearen beharrizanetara egokitzen. Berhazen kasua ere horrela da, eta etorkizunera begira eskuartean dituzten hobekuntza eta eguneratzeak azaldu ditu: “Gardentasun atari berri bat, webgune berri bat, partaidetzarako baliabide digital erraz bat, herritarrekin zerbitzuak diseinatzen hasteko bilgune eta arreta bulegoaren kokagune aldaketa, gune zabalago baten aro digitalerako aurreikusita dauden ekintzak burutu ahal izateko eta egun beste gune batzuetan egiten diren tramite administratiboak gune berean egin ahal izateko.”
Asko izan dira 20 urtetan Berhaz bulegoaren parte izan direnak: langileak, ordezkari politikoak, profesionalak, eta abar luze bat. Halaber, herritarrek bulegoarengan izandako konfidantza azpimarratu nahi izan dute, beraiei esker hobetu baitu Berhazek: “Herritarrak eta erabiltzaileak adierazi eta jakinarazitako beharrizanetara zerbitzua hobetzen, eguneratzen eta hazten joan da”. Amaitzeko, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, Gabantxorekin bat eginez, proiektuaren parte izandako guztiei bere esker ona adierazi dio, eta urteurrena ospatzeko bulegoa binilo eta plaka bat jarriz atondu dutela adieraziz bukatu du.