Arratzuko herri martxa berreskuratu dute
Goikuri Nagusien Elkarteak Egigun kultur taldeari martxa berreskuratzeko erronka proposatu, eta erronkari eutsiko diote gazteek. Urriaren 6rako jarri dute hitzordua, baina irailaren 29a baino lehen izena eman beharko da.
Arratzutik Muruetaraino joango dira arratzuarrak urriaren 6an (domeka), herri martxan.
Badira ia hiru hamarkada Arratzuko azken martxa herritarra egin zutela, Arrola, Oiz, Sollube… mendiak zeharkatuz eta Trabakun edo Bermeoko Cannon jatetxean bazkalduz. Orain, Goikuri Nagusien Elkarteak Egigun kultur taldeari martxa berreskuratzeko erronka proposatu dio, eta erronkari eutsiko diote gazteek.
Hala, haur, gazte, heldu eta nagusik elkarregaz egun pasa egiteko hitzordua zehaztu dute urriko lehen domekarako. Aldaparik bariko 12 kilometroko bidea osatuko dute, 10:00etan Loiolan hasi, Barrutitik igaro eta Foruko plazara ailegatuz; bertan, hamaiketakoa egingo dute, eta horretarako, bakoitzak etxetik eroan beharko du mokadua. Handik Muruetako teilerira joango dira, eta azkenik, Kamiñokora.
Hala ere, bi modu egongo dira Kamiñokora ailegatzeko: lehenengoa, Loiolatik abiatuko den martxa eginda, eta, bigarrena, autobusez. Jakinarazi dute, gainera, bueltarako ere autobusa egongo dela, Kamiñokotik Arratzura bueltatzeko.
Hori dela eta, izena eman beharko da, irailaren 29a aurretik. Horretarako, 678 35 94 19 edo 649 63 54 44 telefonoetara idatzi beharko da, edota Arratzuko eta Oleskoko tabernetara joan. Eskatu dute zehazteko ea oinez edo autobusez joango diren.