Urdaibaira gerturatzeko deia egiten duen 'Bueltatuko zara' ikus-entzunezkoa saritu dute Terres Travel jaialdian
Minutu eta erdiko bideoa da saria jaso duena, Turismo Urdaibairen Urdaibai Basque Reserve markakoa, "ekoturismoaren filosofiagaz erabat lerrokatuta" dagoena. Urremendiko ordezkariak saria jasotzeaz "pozik" agertu dira.
Urdaibai bisitatzeko gonbidapena luzatzen duen Bueltatuko zara ikus-entzunezkoak Terres Travel Festival nazioarteko jaialdi ospetsuko sari nagusia lortu du Turismo Komunikazioa / Turismo Produktuak-Landa Helmugak kategorian.
Minutu eta erdiko bideoa da saria jaso duena, Turismo Urdaibairen Urdaibai Basque Reserve markakoa, Urremendi Landa Garapen Elkartekoen esanetan “ekoturismoaren filosofiagaz erabat lerrokatuta” dagoena. Izan ere, bideoak Urdaibaik eskaintzen dituen paisaiak, esperientziak eta sentipenak jasotzen ditu: “Sentipenen segida zirraragarri baten haria da, eskualdea bisitatzeko gonbidapen ukaezina bihurtzen dena”. Ordezkariek esan dutenez, bideoak mezu hori indartu, zabaldu eta transmititzea du helburu.
Urremendiko ordezkariek jakinarazi dutenez, jaialdiak bidaia esperientziak, paisaiak eta kultur aniztasuna nabarmentzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak saritzen ditu, guztiak garapen jasangarriagaz lerrokatuta badaude. Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea “pozik” agertu da sariagaz: “Aitortza bat jasotzea beti da polita. Eta sari hau Terres bezalako jaialdi baten esparruan jasotzeak are atsegingarriagoa egiten du, ze jaialdia da apustu egiten dugun turismo ereduaren sektorean errederentea dena”.
Hala, proiekzioez gain, topaketak tokiko hitzaldiak, tailerrak eta kultur jarduerak prestatu zituen, interesatuei zein sektoreko profesionalei zuzenduta. Horietako batean parte hartu zuen Ansotegik, eta, jardunaldi horretan, Urdaibairen ibilbidea, esperientzia eta ezagutza partekatu zituen helmuga jasangarri modura. “Sariaz harago, nazioarteko ekitaldi honetan egotea bultzada handia da Urdaibairentzat. Lan jardunaldi batean parte hartu ahal izan dugu, gure aletxoa jarriz. Horrek, beste esperientzia batzuk ezagutzeaz eta horietaz ikasteaz gain, harremanak estutzeko eta sinergiak bilatzeko balio izan digu. Esperientzia oso aberasgarria izan da, eta turismo are arduratsuagoa eta jasangarriagoa sustatzen lagunduko digu”, azpimarratu du Ansotegik.
199 ekoizpen.
2024ko edizioan bost kontinenteetan zehar banatutako 48 herrialdetako 199 ekoizpen aurkeztu dira, eta horietatik 136 izan dira film turistikoak. Hala, saria jasota, Urdaibairen posizionamendua hobetu gura dute, horri bultzada emanez, betiere eskualdeak berezkoak dituen jasangarritasun irizpideetan oinarrituta eta “turismo arduratsu eta kontziente” bat bilatuz. “Hori tokiko biztanleriaren garapenaren eta bertako herrietako espazio naturalen eta bizimoduen kontserbazioaren alde eginda egin behar da”.
Ildo horretan, Ansotegik bereziki aldarrikatu du Busturialdeko eskualde osoak (erakundeek, enpresek eta herritarrek) eskualdea zaintzeko duten konpromiso eta inplikazioagaz egin behar dela: “Erantzukizuna partekatua da, Urdaibairen kontserbazioan aktiboki parte hartzen dutelako eta garapen eredu orekatu bat babesten dutelako. Horren erakusleak dira 2021az geroztik Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin bat egin duten Urdaibaiko 40 enpresa turistikoak”.
Jaialdia urtero ospatzen da Tortosan, Terres de l’Ebre eskualdean, Katalunian, Ebroko Deltak eta Els Portsek parkeek babesten duten natura ondare gunean. Lehiaketa CIFFT (International Committe of Tourism Film Festivals) nazioarteko zirkuituaren parte da, ikus-entzunezkoen bidezko turismoaren sustapenean erreferente bihurtzen duen zigilua.