Umorez betetako jaien amaiera
Ariatzarren gatza eta piperra. Santa Kurtze jaietako ekitaldirik bereziena da Saragiaren hileta. Horregaz amaitzen dituzte jaiak, eta aurten ere ez dute hutsik egin, ez dute inor epel utzi. Ariatzako familiek bat egin, eta belaunaldi desberdinetako herritarrek parte hartzen dute antzezlanean. Denak ere ondo pasatzeko gogoz, eta publikoari gozarazteko helburuagaz.
Klima aldaketaren eraginez, atzo [irailak 22] hondartza bihurtu zuten Ariatzako plaza: Usparitzatxu. Familiak, saltzailea, sorosleak, hamakak alokatzen dituztenak, parrandan ibilitako kuadrilla, Erekatxof Surf Eskolako irakasle eta ikasleak… Askotarikoak batu ziren eguzki epeletan. Carles Puigdemont bera ere agertu zen, bizkartzain eta guzti, baita bi emakume ezkonberri ere, “Urdaibain ezkondu diren lehenengoak”.
Beste urte batez, inprobisazioa oinarrizko osagaia izanda, antzezpen dotorea eskaini zuten. Bi asteburuko jaiak biribiltzeko modu hoberik ez dagoela agerian utzi zuten. Izan ere, irailaren 13an, Santa Kurtz bezperan hasi zituzten Ariatzako jaiak, eta biharamunean, besteak beste, herri bazkarian elkartu ziren. Herenegun ere kuadrillen arteko paella jana izan zen elkartzeko aitzakia, eta arratsalderako udalerriko hiru bertsolari gonbidatu zituzten: Asier Galarza, Onintza Enbeita eta Koldo Gezuraga. Atzo, berriz, Saragiaren hiletaren aurretik, Baso-Txoritxu Dantza Taldekoen txanda izan zen.