Naia Laso, hirugarren Skate Parkeko Munduko Txapelketan
Skater bermeotarrak 90,14 puntu lortu zituen hirugarren saiakeran eta munduko txapelketa batean domina lortu duen lehen euskalduna bihurtu da.
Abuztuan Olinpiar Jokoetan debuta egin eta diploma olinpikoa lortu eta gero, goi mailako beste txapelketa batean parte hartu du Naia Lasok. Skate bermeotarrak Novaran (Italia) jokatu den World Skate Games, Skate Parkeko Munduko Txapelketan parte hartu eta erakustaldia eskainita, brontzezko domina eskuratu du.
15 urteko skaterrak iaz parte hartu zuen estreinakoz munduko txapelketa absolutu batean, eta orduan bosgarren postua poltsikoratu zuen, Erroman. Orduan hiru txandetatik bitan erori egin zen. Aurten berriz, lehenengo errondatik iazko marka hobetzea lortu du: 86,30ko puntuazioa jaso zuen lehen saiakeran. Bigarrena txanda ez zen Lasok nahi bezala irten, eta 41,81 puntutan gelditu zen.
Hirugarren eta azken saiakeraren faltan, bosgarren postuan zen bermeotarra. Txapelketako azken partaidea zen, eta bazekien domina eskuratzeko hautsi beharreko marka zein zen: Mei Suwagara japoniarraren 88,56 puntuak gainditu behar zituen. Tentsioa eta urduritasuna nabariak ziren, eta skaterrari malkoren bat edo beste erori zitzaion arren, historiarako geratuko den erakustaldia eskaini zuen. Skater gazteak 90,14 puntu lortu zituen, skateboarding-eko munduko txapelketa batean domina lortu duen lehen euskalduna bihurtuz. Negar artean jaso zuen brontzezko domina balio duen puntuazioa Lasok.
Urrezko domina Raicca Ventura brasildarrak lortu zuen (93,73 puntu), eta zilarrezkoa, berriz, Hinano Kusaki japoniarrak, Parisko Olinpiar Jokoetako hirugarren sailkatuak eskuratu du, 91,44ko puntuazioagaz.