Muruetako Udalak hiru udal ikastaro eskainiko ditu
Irailaren 27a [barikua] da ikastaroetan izen emateko azken eguna.
Muruetako Udalak hiru udal ikastaro antolatu ditu ikasturte berrirako: yoga, pilates eta mantentze gimnasia. Horietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute; horretarako epea irailaren 27ko [barikua] 14:00etan itxiko da.
Izena emateko orria bete beharko da. Behin orria beteta, udaletxeko bulegoan aurkeztu edota udalaren helbide elektronikora bidali beharko da —udala@murueta.eus— . Zehaztu dutenez, ikastaroetan izena emateak ikasturte guztirako konpromisoa suposatzen du: ikastaroak urriaren 7tik ekainaren 30era arte iraungo dute.
Taldeak gehienez 10 kidez osatuta egongo direla azaldu dute. Onarpena inskripzio ordenaren arabera egingo bada ere, udaletik udalerrian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dutela azpimarratu dute. Ikastaroen prezioa 115 eurokoa izango da, urte guztirako.
Ordutegiak. Ikastaro bakoitzak asteko ordu bateko saio bakarra izango du. Pilates modalitatean izena ematen dutenek astelehenetan izango dute hitzordua, 19:30etik 20:30era. Yoga saioak berriz, martitzenetan izango dira, 19:30etik 20:30era.
Mantentze gimnasia egin gura dutenak berriz, eguaztenetan elkartuko dira, 18:30etik 19:30era.