Guraso eta etorkinentzako euskara eskolak, urritik aurrera martxan
Ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenek urriaren 11ra arte izango dute izena emateko epea zabalik, Berhaz bulegoan.
Beste behin, ikasturte berriaren hasierarekin batera, Bermeoko Udalak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu. Familia bidezko transmizioa indartzea dute helburu ikastaro hauek, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak ahalbidetuz, eta kanpotik Bermeora joan direnentzat euskara ikasteko aukera zabalduz. Horrela, Iker San Nikolas Euskara zinegotziak aditzera eman duenez, urrian hasiko diren ikastaroak ekainera bitartean izango dira, eta batean zein bestean “taldeei egokitutako metodologiak” erabiliko dituztela.
AEK euskaltegian eskainiko dira gurasoentzako ikastaroak, eta ikastaro horietan, bai euskaraz ez dakitenek zein berbetan jakin arren alfabetatu nahi dutenek izango dute tokia. Batik bat “seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko” trebetasunak landuko dituzte, ulermena, idazmena eta hitz egiteko lotsa kenduz. Astean birritan batuko direla esan dute, egun bakoitzean bi orduko klaseak eskainiz. “Metodologia praktikoa erabiliko dugu, egunerokotasunarekin loturiko ariketak eginez”, aitortu dute, matrikulatzeko prezioa 20 eurokoa dela aipatuaz batera.
Etorkinentzako ikastaroaren ardura, ordea, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak izango du. Helburu nagusia argi esan dute, gainera: “Etorkinei euskara ikasteko aukera ematea da ikastaro honen helburua, integrazio errazagoa izan dezaten“. Kasu honetan ere, astean lau orduz batuko dira: bi orduz, bi egunetan. HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna landuko da etorkinentzako ikastaroetan, besteak beste. Klaseak “oso praktikoak” izango direla adierazi dute, helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez etorkinak gure kultura ezagutzea. “Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da”, gehitu dute.
Bestalde, 2024/2025 ikasturteko matrikulazio kanpaina martxan dagoela gogorarazi dute bertaratutakoek, Bermeon euskara ikasteko hiru zentru daudela esanez: Hizkuntza Eskola ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorakoentzat “aukera anitza eta ordutegi zabala” dutela adierazi dute, “metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak” eskainiz. Horrela, euskaltegira joaten direnek matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskiratu daitezkeen dirulaguntzei buruzko informazioa jasoko dutela ere aipatu dute. Horrez gain, HABEk eta Bermeoko Udalak eskainitako dirulaguntzei eman die garrantzia, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan “ahalik eta erraztasun andiena izan dezaten”.
Beraz, urrian martxan hasiko diren ikastaro hauetan izena emateko epea urriaren 11ra arte zabalik dagoela gogoratu dute, eta orain arte Bermeoko Udalak eta euskaltegiek egindako elkarlanaren emaitzak “oso onak” izan direla eman dute aditzera. Beregain, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea pozik agertu da beste urte betez guraso eta etorkinentzako euskara eskolak eskainiko dituztelako, beraientzat “aukera polita” baita. Eskerrak ematen bukatu du, euskaltegiek urte hauetan guztietan egin duten lanagatik.