Muxika eta Gernika-Lumo arteko bidegorria eskatu du Urretxindorrako komunitateak
Autorik Gabeko Eguna probestuz, Urretxindorra herri eskolako komunitatea gurpil biren gainera igo da gaur [irailak 21], Muxika eta Gernika-Lumo lotuko lituzkeen bidegorria eskatzeko.
Errepidean herritar guztiak kabitzen direla eta denentzako espazioa dela esan ohi bada, errepideak guzti-guztientzako eremu segurua beharko du izan. Muxikako Urretxindorra herri eskolak urteak daramatza udalerri horretako Kurtzero auzunea eta Gernika-Lumoko herrigunea komunikatuko lituzkeen bidegorriaren eskaria eginez. Borroka horren ondorio da, hain zuzen ere, Kurtzero eta Elizalde auzoak erlazionatzen dituen bidegorria, oinezkoek nahiz txirrindulariek egun tarte hori segurtasunez egiteko balio duena. Eskakizuna, baina, harago doa. Eskola komunitateak eta horren barruko guraso elkarteak behin eta berriro aldarri egin izan du Kurtzero eta Gernika-Lumo bitarteko errepidea ez dela gune segurua zentroaren erabiltzaileentzat eta, oro har, herritarrentzat. Hori horrela, bi inguruok erlazionatuko dituen bidegorria eskatu eta eskatzen dute. Gaur [irailak 21], bidegorri horren eskaera berriro plazaratu dute.
10:30ean elkartu dira herritarrak Kurtzero auzoan, Bidegorria behar dogu argi erakutsi duen pankartapean. Gurpil biren gainera salto egin, eta aldarriz bete dute errepidea, Kurtzerotik Aranerainoko joan-etorriko ibilbidea eginez. Ibilgailu trafikoa tarte batez blokeatu egin dute, herriak “guztiz beharrezko” duen eskakizuna aireratzeko. Egon dira neurri hori babestu dutenak, baita ulertu ez duenik ere. Horrek bistaratzen du, hain zuzen, egin behar den eta egiten dirauten lanketa. Kontzientziazioa eta auzolana, izan ere, giltzarri dira afera horretan. Egun, Muxikatik Gernika-Lumora oinez edota bizikletaz mugitzeko aukera bakarra errepidearen ertzetik joan behar izatea da, “inongo babes bermerik edo segurtasun neurririk gabe”. Hori aldatzera dator Urretxindorrako lantaldea. Tokiko erakundeei, udalei, eragileei eta Bizkaiko Foru Aldundiari larritasun deialdia helarazteko igo dira bizikletetara: “Oraintsu istripua egon da gaur bizikleta egin dugun tartean bertan; horrek ikusarazten du errepide zati horretatik ibiltzeak beregain duen arrisku maila itzela“.
Formakuntza eta aisialdia.
Bizikleta ibilbidea osatu ondoren, gazte nahiz nagusi eskolara igo dira, bertara iristeko aldapan kolkoa ondo izerditu ostean. Han, hamaiketakoan elkartu dira guztiak. Eskola komunitatea eta, bereziki, guraso elkartea familia handi baten parekoa da. Elkar babesten dute; elkarregaz gozatzen dute. Indarrak berreskuratuta, Urdaibai Txirrindularitza Eskolako partaideek, Gorka Gerrikagoitia eta Beñat Intxausti muxikar txirrindulari profesional ohiek gidatuta, gaztetxoenen gaitasun teknikoak eta abilezia lantzeko tailerra eman dute; horretarako, ginkana itxurako ibilbidea atondu dute eskolako patioan. Umeak behin eta berriro aritu dira zirkuitutxoari birak ematen, asko gustatu zaien seinale.
Muxikan ez ezik, Busturialdeko beste hainbat txokotan ere ekimenak antolatu dituzte Autorik Gabeko Egunerako. Horietako esanguratsuena Ekoetxea Urdaibaik prestatutakoa da. Mugikortasun jasangarri eta osasuntsua helburu, bihar [irailak 22], familientzako bizikleta ibilbidea egingo dute. Urtez urte “geroz eta jende gehiago” erakartzen duen ekimena da eta, horrenbestez, familiei “bizikleta hartu eta parte hartzeko” deia luzatu diete. Egitasmoa, gainera, eskualdeko eragileekin elkarlanean behar eginez antolatu du Ekoetxeak. Izan ere, Bermeoko Ziklistek, Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak eta Basati Bike-ek auzolanean ibilbide bi prestatu dituzte, biak ala biak doan eta 11:30ean hasita: batetik, Gernika-Lumotik Ekoetxera bitartekoa izango da; besteak helmuga berbera edukiko du, baina Bermeotik abiatuta. Amaieran, hamaiketakoan elkartuko dira parte hartzaileak, 13:30ak aldera. Antolatzaileek aurreratu dute, parte hartzeko, 8 urtetik gorako adina eduki beharko dela.