Proiektu irabazleak, plazaratuta
Goitiz Bideko irisgarritasuna hobetzea eta zabor bilketaren sistema hobetzea izango dira 2025erako aurrekontu parte hartzaileen bitartez aurrera eroango dituzten bi hirigintza proiektuak.
Bete urte batez, Mundakako Udalak herritarrekin elkarlanean adostu du 2025erako aurrekontu parte hartzaileetako aurrekontua, 50.000 eurokoa, zein proiektutara bideratu. Aurten hautatutako proiektu irabazleak Goitiz Bidea inguruan irisgarritasuna hobetzea eta udalerriko zabor bilketaren sistema hobetzea izan dira, hurrenez hurren. Lehenengoak 36 boto eskuratu ditu herritarren aldetik, eta 30.000 euroko aurrekontua izango du; bigarrenak, ostera, 17 boto jaso ditu, eta zabor bilketarako unitate bakoitzeko 450 euro eskatuko ditu. Bien tartean, beste zenbait proiekturen alde bozka eman dute herritarrek, baina udal gobernu taldeak, denak aztertuta, bideragarrienak eta beharrezkoenak direnak hautatu ditu, azkenengo aukeraketarako.
Goitiz Bidean sarri egin izan dituzte obrak nahiz egokitzapenak, besteak beste, segurtasunagaz zein argiztapenagaz lotuta. Mundakako proiektuak aurkezteko Hitzaldi Informatiboetan ere, ohiko agertokietako bat da herriko eremu hori. Udalerriaren erdigunetik aldenduta egonik, esparru hori ahalik eta irisgarriena izatea bilatuko du udalak. Besteak beste, egun “irristakorra” den zorua konponduko dutela aurreratu dute, barandak jarri, eta saihesbidera heltzeko azkenengo zatia egokitu, oinezkoentzako irisgarriagoa izan dadin.
Zabor bilketa sistemaren hobekuntzei dagokienez, 17 boto eskuratu ditu aurreproiekotu horrek, zerrendako bosgarrena izan da. Aurrekontuen diru kopuru totalak aurrera eroatea ahalbidetu duen lehen proiektua izan da, baina, Goitizko obrekin batera egin ahal izateko. Udaletik argitu dutenez, zabor bilketaren sistema bera hobetzeaz gain, pedalak instalatuko dituztela herriko bilketa unitateetan, bilketa erraztu ahal izateko.
Bi egitasmo horien artean, ondorengo ekimenak izan dira mundakarren aldetik bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren bozkatuenak: pumptrack-a (31 boto eta 50.000 euroko aurrekontua); skatepark-a (31 boto, 35.000 euro); elizako zabuak eraberritzea, hobetzea eta zabaltzea (26 boto, 30.000 boto); biodibertsitatea erakarriko duten lore nahiz zuhaitz gehiago landatzea (22 boto, 30.000 euro). 2025erako udal aurrekontu parte hartzaileen prozeduratik kanpo geratu arren, udal gobernu taldetik aurreratu dute herritarrek botoa emandako gainontzeko proiektuetako zenbait aurrera eroateko saiakera egingo dutela, “herritarren bizimodua hobetzea baita helburua”.
Parte hartze handia.
Guztira, 95 proiektu proposamen izan dira herritarrek 2025erako prozesurako aurkeztu dituztenak. Udal ordezkariek, sail bakoitzeko arduradunekin lankidetzan, horiek aztertu dituzte, eta bideragarritasun mailarik handienak dituzten 23 proiektuak hautatu dituzte; 23 egitasmo horietako bi dira garaile suertatu direnak, jaso duten bozka kopurua, aurrekontua eta bideragarritasun maila uztatuta. Udalak, era berean, “eskerrik beroenak” eman dizkie prozesuan parte hartuduten herritar guztiei.